«Zertarako balio duen hizkuntza bat ikasteak? Jendearekin hitz egiteko!»
Hizkuntzak dira gizakiak konektatzeko tresna nagusiak, eta, zorionez, itzultzaileek errazten dute mundu osoko herritarren artean ulertzea. Aiora Jakak zer esan: Quebec eta Euskal Herriaren artean bizi izan da azken urtean, eta literatura mordoa ekarri du euskarara, tartean, iaz Euskadi Saria irabaziz. Ez da gutxi.

Zergatik taberna hau?
Ni ez naiz asko ibiltzen tabernetan. Hona bai, baina goizean, kafea hartzera: zazpietan irekitzen baitute.
Goiz!
Mutil lagunak arratsaldez egiten du lan, eta, beraz, goizetan bera arduratzen da umeez. Baina ni etxean geratuko banintz, ezingo nuke lanik egin. Beraz, lehenbailehen etxetik alde egitea gustatzen zait. Edo kiroldegira edo kafetegira goizeko zazpitan, eta gero etxera buelta, lanera.
Taberna honen esteka bidaltzerakoan, frantsesez zegoen webgunea. Deformazio profesionala?
A, bai? Izan daiteke, telefono hau Quebecen erosia delako. Euskaraz ezin dut jarri, eta gazteleraz jartzeko… hobe frantsesez!
Eta Quebecera, nolatan?
Erasmus egitera joan nintzen, 2002an. Bertan ezagutu nuen mutil bat, baina nik itzuli behar izan nuen. Handik hiru urtera, Ingalaterran nengoen ni, eta bera Danimarkan, eta elkartzea erabaki genuen. Ordutik ibili gara handik hona bizitzen, elkarrekin.
Quebec eta Euskal Herriaren artean?
2015etik 2021era han bizitzen izan ginen. Urtebete izan ginen Quebec iparraldean inuiten eta cree edo eeyouen herrixka batean, jakin-min eta kuriositateagatik, abentura gogoz. Euskal Herrian egon gara lau urtez, eta orain buelta egingo dugu hara, urte batzuetarako.
Eta haurrekin!
Haurrek 12, 8 eta 6 urte dituzte orain. Ohitu dira, edo ohitu ditugu bi lekutakoak izatearekin. Aitak frantsesez eta nik euskaraz. Aitaren herria eta amaren herria dituzte.
Kontatu nola hasi zinen itzulpengintzan.
Ez dut inoiz argi-argi izan. Ezta letretatik joko nuenik ere. Latina ikasteak ekarri zidan lilura moduko bat: dena deklinatzea eta ia matematika gisa aztertzea… Eta Filologia Klasikoa egitekoa nintzen, baina Gasteizen, azken momentuan, karrera jarri zutela eta, animatu egin nintzen.
Eta zure hizkuntza?
Hasieran ingelesa, baina Quebecen neukan ingelesa galdu nuen, bertan frantsesa besterik ez delako hitz egiten.
Itzulpenak edozerekin, ordea.
Frantsesetik gustura egiten dut, baina ingelesetik eta alemanetik ere tokatu zait. Eta gazteleratik, noski.
Eta zein beste hizkuntza ikasiko zenuke?
Saiakera egin genuen inuit eta cree herriekin, haien hizkuntzak ikasteko.
Ez esan!
Quebec beti ikusi izan dugu hemendik nazio gisa, independentismoari lotuta eta abar, baina Quebecen hamaika jatorrizko nazio daude. Iparraldera joan ginenean haien hizkuntzak ikasi nahi izan genituen: inuitera eta creera.
Oso desberdinak al dira?
Eeyouak 18.000 inguru dira eta inuitak 14.000 inguru. Bi komunitateak, gainera, oso ezberdinak dira: Beringeko itsasartetik pasatu ziren, duela 12.000 urte inguru, Amerika osoa populatuko zuten komunitateak, tartean, eeyouak eta Kanada eta Quebeceko beste herriak. Inuitak, ordea, 6.000 urte beranduago inguru iritsi ziren. Hizkuntza familia ezberdinak dira, beraz.
Eta lortu zenuten ikastea?
Liburu eta metodorik ez dago ia, estandarizazio prozesuan daude, dialekto mordoa dago… Ez da erraza.
Hemen ere diote ikasteko zaila dela.
Euskararekin alderatuta, askoz okerrago daude, tamalez.
Zer ematen du hizkuntza bat jakiteak?
Beste mundu bat irekitzen dizu. Inuita eta creera ikasten saiatu ginenean, jendearen izaera aldatu egin zen. Zertarako balio duen? Hizkuntza hori hitz egiten dutenekin hitz egiteko, besterik ez. Baina hori asko da! Jende hori ezagutzeko!
Sarrionandiari buruzko doktore tesia egina duzu ere.
Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan antologia bat egin zuen Sarrionandiak munduko literatura handi, txiki, ezagun, ezezagunetako poetekin. Eta hor barruan, apokrifoak sartu zituen: hau da, itzulpenez mozorroturiko bere poemak, autorea asmatuta eta guzti.
Eta zergatik?
Hori bera ikertu nahi nuen nik. Poema horien jatorrizkoak bilatzeari ekin nion: batzuk ezagunak, baina besteak bat ere ez. Bazegoen emakume bat, Christine Billard izenekoa, erabat ezezaguna. Frantzian, izen hori zuen emakume bat topatu nuen, liburuzaina, baina sekula ezer argitaratu ez zuena. Harekin jarri nintzen harremanetan, eta poema itzuli nion, frantsesera. Hara non, baietz, bereak zirela poemak! Sarrionandia kartzelan zela, haren lagun batek bidali zizkion eta honek euskarara ekarri eta argitaratu!
Eta ze ondorio atera zenituen?
Itzultzea birsortzea da, Sarrionandiaren ustez. Eta sortzen ari dena ere ez da hutsetik sortzen ari. Edozein testu original poetak berak lehenago irakurri duelako idazten du gero. Apokrifo horiek hori demostratzeko sartu zituen.
Berarekin partekatu al zenuen?
2011n aurkeztu nuen tesia, bera oraindik erdi ezkutuan zela. Ezagun baten ezagunaren bidez, helarazi zioten, eta haren erantzuna: «Nire tranpa guztiak aurkitu ditu!».
Euskadi Saria jasotzean, autonomo kuota ordainduko zenuela esan zenuen.
Niri gustatzen zaidana literatura itzultzea da. Baina bizitzeko besterik ere egin behar! Literatura itzultzea ez da errentagarria, batez ere, pasatzen duzun denboragatik.
Itzuli duzun liburu gogokoena?
Nirliit, zalantzarik gabe. Inuitekin bizi nintzenean, quebectar idazle bat ezagutu nuen. Istorio autobiografiko xamarra idatzi zuen, inuitekin izandako esperientzia kontatuz. Kritika gogorra egiten die bai inuitei, eta baita beraien egoeraren erantzuleei ere. Haien paisaiaren eta tradizioekiko lilura batetik, eta bestetik, gaur egun dauden egoera negargarriaren kontraesana: laguntzetatik bizi dira, alferkeria izugarria dago, langabezia, eskola porrota, alkoholismoa, sexu abusuak, hizkuntzarekiko utzikeria… arazo pila. Guk ere, hara joaterakoan, antzekoak sentitu genituen, eta horregatik erabaki nuen itzultzea. Txalapartan argitaratu nuen, eta arrakasta nahikotxo izan du.
Orain, hara itzultzeko gogoz?
Erakartzen gaitu ideiak, bai. Baina hiru seme-alabekin konplikatu egiten da. Lehen, alaba bakarra genuen, eta oraindik erraza zen [barrez]! •