«Beti esaten nuen hau hobby moduan edukiko nuela, inoiz ez nuen imajinatu puntu honetara iristea»
Bi lagunekin abiatu zuen Andoni Arzallusek Arenza tailerra 2021ean, egunerokoan erabiltzen zituzten euskal musika tresnak egiten saiatzeko asmoz. Lau urte geroago, berak bakarrik jarraitzen du lantegian eta zaletasuna ogibide bilakatzeko bidean da. San Telmo museoak proposatuta, egiten dituen zereginetako batzuk erakutsi zituen hilaren 12an 'Atzokoak gaur: Herri musikaren artisauak' zikloaren barruan. Hilaren 22an erakustaldi berri bat egingo du, 16:30etik 19:30era bitartean.

Bere kabuz ikasitakoa baliatuta egin zituen lehen musika tresnak Andoni Arzallusek (Usurbil, 2001). Esperimentatuz eta akatsetatik ikasita bidea urratua zuela, inguruko artisauen ezagutza gehitu zuen; eta profesionalki aritzea erabaki zuenean, eskoletara joaten hasi zen. Haize eta perkusio tresnak egiten ditu, berarentzat eta ingurukoentzat; etorkizunean bezero izango direnei ahalik eta pieza hoberenak eskaini ahal izateko.
Musika tresna tradizionalak egiten dituen Arenza tailerraren arduraduna zara. Nola sortu zen proiektua?
Beti diot, hainbat erreka txiki batu zituen ibai handi bat dela. Gu musikari tradizionalak izanda, pandemia bete-betean sartuta ginenean, ezin genituen emanaldiak egin eta kanpoan egin ezin genuena, barruan egitea erabaki genuen. Horietako gauzetako bat izan zen gure egunerokoan erabiltzen genituen musika tresnak egiten saiatzea. Hortik hasi zen kontua. Bestalde, ikusten genuen bazirudiela belaunaldi errelebo falta zegoela eta horrekin aurrera jarraitu nahi genuen.
Ze tresna egiten hasi zineten?
Euskal musika tresnetan haize eta perkusiozkoak dira egiten ditugunak: txirulak, txistuen piezak, dultzainaren bat, makilak danbolin, atabal, danborrentzat… Dantza taldeetan jotzen aritzen garenez, horko elementu batzuk ere egin izan ditugu: buruzagi makilak edo makila bereziak.
Nola ikasi duzu hori guztia egiten?
Asko galdetzen didate! (barrez). Hiru fasetatik pasatu naiz. Hasieran, autodidakta edo, pixka bat esperimentatzen nire kontura, han eta hemen irakurrita, Interneten ere informazio asko dago… Proba eta akatsa ere. Ezagutza batzuk banituenean, ezagutzen nituen inguruko artisauen atea jo nuen, ea zerbait ikasteko aukera nuen. Horrela ibili izan naiz. Tolosako Joxe Manuel Agirrerekin ikasi ditut danborraren inguruko prozesu batzuk, Lizarrako Salvador Martinezekin, dultzainen ahokoen eraikuntza… Honetan profesionalki aritzen saiatu nahi nuela erabakita, aurten ari naiz Vigoko Arte eta Ofizioen Eskolan ikasten Galiziako tresna tradizionalak nola egiten diren, hartzen ditudan ezagutzak euskal musika tresnetan aplikatzeko.
Zaletasun moduan hasi zinen…
Hori da. Beharrak edo egoerak bultzatuta hasitako zaletasuna izan zen. Jendeak esaten zidan zergatik ez nintzen animatzen profesionalki honetan aritzera, eta ez nuen saiatu gabe geratu nahi.
Ogibide bilakatzea espero al zenuen?
Oraindik ez da ogibidea, prozesu horretan nago. Baina, ez nuen inoiz espero. Beti esaten nuen hau hobby moduan edukiko nuela, inoiz ez nuen imajinatu puntu honetara iristea.
“Proiektua hainbat erreka txiki batu zituen ibai handi bat da”
Artisau horiek harritzen al ziren, gaztea izanda, halako interesa zenuelako?
Harritu ez dakit, egia da, ondo hartzen dutela belaunaldi gazteek interesa edukitzea eta beren lanari jarraipena eman nahi izatea. Uste dut hori denen gustukoa izango dela.
Tresna bakoitza desberdina da, noski, baina zeintzuk dira eraikitzeko jarraitu beharreko pausoak?
Instrumentuaren arabera da, noski; ez da gauza bera haizezkoa edo perkusiozkoa bada. Txirula, txistua baino pixka bat txikiagoa, da konplexuena. Denek, gutxi gorabehera, antzeko pauso batzuk badituzte: plano bat egin, horren baitan egurra lortu eta laukizuzen forman iristen denez, borobildu egin behar da. Gero, barruko perforazioa egin eta ondoren eraztunak jartzen zaizkio errefortzu modura. Kanpotik behar duen forma ematen zaio, eta gero, adibidez, txirula edo flauten kasuan, ahokadura egin behar zaie: alaka, putz egiteko kanala… Azkenik, lixatu, olioa eman eta zuloak egin.
Zenbat denborako lana da hori dena egitea?
Hasieratik bukaerara egingo bagenu dultzaina edo txirula bat, astebete bueltan. Kontua da ez dela dena segidan egiten. Egurra material organiko bat izanda, barruan hezetasuna dauka; eta pixkana lurruntzen joan behar du, horregatik, pausoen artean deskantsu denbora bat ematen zaio. Adibidez, barruko perforazioa egin eta gero, urte erdi-edo uzten dut egurra lehortzen, pixka bat egonkortzeko. Orduan, hartuko luke bederatzi-hamar hilabete.
Zer egur erabiltzen duzu?
Normalean, exotikoak dira, Afrika edo Amerikatik ekarritakoak, gehienbat, daukaten dentsitateagatik. Hemen, tradizionalki gehien erabili izan den bertako egurra ezpela da; baina okertu edo zartatu egiten da, eta dentsitate asko ez daukanez, azken 50 urteetan-edo kanpoko egur horietara jo da. Askoz gogorragoak direlako, eta erresistentzia aldetik, emaitza askoz hobeak ematen dituztelako.
Norentzat dira tresna horiek?
Batzuk niretzako, beste batzuk inguruko lagunentzako, probatzeko eta beraien iritzia jasotzeko, etorkizunean kalitatezko produktu bat eskaintzeko, besteen iritzia ere kontuan hartzeko.
Hilaren 12an eta 22an bi erakustaldi egingo dituzu San Telmo museoan. Zer ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek?
Prozesuetako bat da torneatzea, kanpotik duen forma ematea. Hori egingo dut hainbat materialekin. Danbor makil batzuk edukiko ditut, gaitaren piezaren bat edo beste eramango dut, txistuarena… Erakustaldian kanpoko forma nola ematen den eta nola bukatzen den erakutsiko dut.
“Argi dut ni ez baldin banintzen, besteren batek jarraituko zuela. Beti egongo da ogibidea hartuko duen norbait”
Balio al du ogibidea ezagutarazi eta balioesteko?
Horrelako gauzak beti egin behar izaten dira. Tailer txiki bat gara, ikusarazi egin behar dugu gure lana gauzak aurrera joan daitezen. Azokak, erakustaldiak… onuragarriak izaten dira.
Jendearen interesa pizten al dute?
Bai, batez ere, musika tradizionalaren eta dantza tradizionaletako jendearena. Zerbait pixka bat diferentea egiten baduzu, estetikoki batez ere, jendearen arreta piztea lortzen duzu. Uste dut hori dela gakoetako bat.
Ze tresneria baliatzen duzu?
Batez ere, metala lantzeko erabiltzen diren tornuak, egur gogorrak direlako, eta gero, edozein tailer mekanikotan egon daitezken erremintak: zulagailua, leuntzailea, erremintak zorrozteko esmerilak… Batzuk nire lanetara egokituta daude.
Errelebo falta aipatu duzu, lehen. Galbidean al dago ogibide hau?
Mundu hau ez da oso handia eta artisau gehientsuenak ezagutzen ditut. Galbidean dagoenik ez nuke esango. Egia da, musika tradizionalak eta gauza folklorikoek gorabeherak dituztela, badaudela momentu hobeagoak eta okerragoak. Gustatzen zitzaidan eta ez nuen ikusten nire adineko inor, beraz, segitzea erabaki nuen; baina argi dut ni ez baldin banintzen, besteren batek jarraituko zuela. Beti egongo da ogibidea hartuko duen norbait.