Bizipoza festa egin dute Egian, haurrak kultur aniztasunean hezteko

Bizipoza festa bikaina ospatu zuten Egiako ikastetxeek joan den ostiralean. Maria Reinak, Presentacion de Mariak, Lauaizeta Institutuak eta Aitor Ikastolak ia 400 ikasle elkartu dituzte, giro ezin hobean. Denen artean gogoratu zuten “jatorri eta kultur aniztasunean bizitzearen balioa”, eta musika eta jai giroan gozatuz, “euskaraz bizitzeko aldarria” ere zabaldu zuten.
6-16 urte bitarteko gaztetxoak elkartu ziren hamaika jarduera egiteko: horma irudi margotzea, lurreko margotze artistikoa, karaokea, dantza erakustaldiak eta bertsoak egin zituzten, besteak beste. Lehen edizioa izan da, eta eskolen arteko elkarlana eta harremanak oso baliotsuak izan direla adierazi dute ikastetxeek. Sarean, harremanak sendotzea eta ikasleen elkar-ezagutza bultzatzea izan da proiektuaren xedeetako bat.
Une bereziki hunkigarria izan da Lauaizetako EUSLE taldeko ikasleek (kanpotik etorri berri diren ikasleak), euskaraz ikasteko egin zuten apustua adierazi zutenean. Pakistan, Senegal, Honduras eta Ukrainatik iritsi berri diren kideek euskaraz agurtu zituzten ikas-taldeak eta euskaraz ikasten jarraitzeko konpromisoa adierazi zuten. Kideen txalo eta animoak ere jaso zituzten. Eguerdi aldean, herri kirolez gozatzeko abagunea ere izan zuten, Lauaizetako kideek antolatua eta ikasle nagusienek gidatuak.
maiatzaren 11n ospatuko dute aniztasunaren aldeko Bizipoza Eguna Egian. Auzoko hainbat eragilek egin dute bat egitasmo hau prestatzeko, eta atzo egin zuten prentsaurrekoan azaldu zutenez, ia 40 dira egitasmora batutako erakunde eta gizarte eragileak.