Donostiak duen «karga gaitasuna» aztertuko du udalak, «turismo jasangarria» helburu

Donostiako Udalak ikerketa bat abiatuko du, hiriaren “karga gaitasuna” aztertzeko asmotan. Ikerketaren xedea da “herritarren bizi kalitatea hobetzea, turismo eredu jasangarri eta orekatu batean oinarrituta”.
Kulturako, Euskarako eta Turismoko zinegotzi ordezkari Jon Insaustik, Donostia Turismoko zuzendari Isabel Aguirrezabalak eta IN2destination aholkularitza etxeko zuzendari Nagore Uresandik Donostiaren karga gaitasuna aztertzeko proiektua aurkeztu dute.Ikerketa horri esker, “herritarren bizikidetzan eragina izan dezaketen alderdiak identifikatu eta aztertu ahalko dira, eta ikusiko da ea turismo jarduerarekin zuzenean lotuta dauden edo egoiliarren ohiko joan-etorrien ondoriozkoak diren”.
Jon Insaustik aurkezpenean azpimarratu duenez, “funtsezkoa da informazio zehatz eta eguneratua izatea, turismoaren kudeaketa hobetuko duten erabakiak hartzeko, hala hiriari berari nola lurralde osoari dagokienez. Azterlan hau lagungarria izango da ingurunea errespetatuko duen eta gure herritarren premiekin lerrokatuta egongo den eredu orekatuago bat lortzeko”.
Azaldu dutenez, ikerketa honen helburua “ez da bisitari, turista edo txangozaleen gehieneko kopuru zurrun bat ezartzea”; “aldiz, informazio zehatza lortu nahi da hiriko pertsona fluxuei eta horien ondorioei buruz, bizikidetza erraztuko duten eta Donostiako herritarren eta bisitarien bizi kalitatea hobetuko duten neurri praktikoak hartze aldera”.
Donostia Turismoaren zuzendari Isabel Aguirrezabalak adierazi duenez, “ezin da jasangarritasun turistikoa lortu neurketa teknikarik erabili gabe. Ikerketa honi esker, aukera izango dugu hobetu beharreko arloak identifikatzeko, erronkei aurrea hartzeko eta datuetan oinarrituta irtenbide zehatzak diseinatzeko, beti lankidetzako eta alderdi askoko ikuspegi batetik”.
Esperientzia “egiaztatua”
IN2destination enpresa euskalduna arduratuko da azterlanaz eta bere zuzendari Nagore Uresandik ikerketaren metodologia azaldu du. Europan turismoan eta lurraldean ikerketan eta aholkularitzan aditua den enpresa bat da, NBE Turismorako eta Nazio Batuen Nazioarteko Merkataritza Instituturako aholkularia.
Lurraldea, ekonomia, ingurumena, gizartea eta gobernantza arloak izango ditu kontuan ikerketak. Hainbat fase izango ditu ikerketak, eta, ikerketaren lehen fase horretan, ekintza hauek aurreikusten dira: bigarren mailako informazioa biltzea, alderdi bakoitzaren funtsezko adierazleetan oinarrituta; Funtsezko eragileei elkarrizketa kualitatiboen txanda bat egitea, iturri ofizialetan ez dagoen informazioa lortzeko; eta, azkenik, etorkizuneko ikerketa ildoetarako gomendioak egitea eta datu osagarriak biltzea.
Lehendik ere hainbat ikerketa egin ditu enpresak: Gorbeian, Sitgesen, Eskozian, Guatemalan eta Aragoin, esaterako.
Ekimen honi esker, “herritarren ongizatea” eta “lurraldearen jasangarritasuna erdigunean” jartzen dituen eredu turistiko batekiko “konpromisoa indartzen du Donostiak”.