Eguzkik salatu du «hamabost urte berandu» datorrela berogailuak terrazetan debekatzeko erabakia

Eguzki taldeak Donostiako Udal Gobernuak terrazetako berogailuak debekatzeko hartutako erabakia kritikatu du, berandu datorrelakoan. “Hamabost urte pasatu dira Eguzkik debeku hori eskatu eta Udalak ‘aztertzen ari zela’ erantzun zuenetik”, azaldu dute.
Udal gobernuak ostalaritzako terrazen gaineko ordenantza-proiektu berri bat onartu du. Proiektu horrek aurreikusi dituen berrikuntzetako bat da aire zabaleko terrazetan berogailuak debekatzea, gas bidezkoak zein elektrikoak izan.
Eguzkik argitu duenez, 2011n eskatu zion udalari terrazetako berogailuak ez onartzea “energia asko kontsumitzen dutelako eta, ondorioz, kutsadura handia ere sortzen dutelako”. “Horrelako oinarrizko erabaki bat hartzeko 15 urte behar izan dituztela kontuan izanik, trantsizio energetikoak milaka urte iraun dezake”, gaineratu du taldeak.
Hala ere, gogora arazi dutenez, ordenantza ez dago behin-betiko onartua, “oraindik proiektu bat baino ez da”. “Izan ere, aurkeztu eta berehala zuzendu egin dute: ordutegietan iragarritako murrizketak terraza gutxi batzuetan bakarrik ezarriko dira, ez guztietan”.
Talde ekologistak azaldu duenez, ordenantza onartu ondoren ere, “berogailuak izaten jarraituko duten terrazak egongo dira, urte batzuetan, behintzat, baimenak lehenagokoak direlako”.