Ingurumenaz ikasteko eta naturaz gozatzeko, hamaika aukera
Cristina Enea Fundazioak ingurumenarekin lotutako jarduera ludikoz eta didaktikoz betetako eskaintza zabala dakar oporraldirako. Gladys Enean, Ulian eta Urgullen aurrera eramango dute doan.

Aste Santuko oporraldian eskaintza berezia du Cristina Enea Fundazioak, eta apirilaren 14tik 27ra aurrera eramango du kudeatzen dituen hiru ekipamenduetan: Urgulleko Natur Txokoa, Uliako Interpretazio Zentroa eta Gladys Eneako Ingurumen Baliabideen Etxea.
Natur Txokoa egunero irekita egongo da —astelehenetik ostiralera, 16:30etik 18:30era, eta asteburuan, 11:00etatik 13:30era— eta bertaratzen direnek birziklatutako materialekin egindako aisialdiko jarduera didaktikoetan parte hartzeko aukera izango dute edota nork bere kabuz egitekoak direnetan aritu, esaterako, altxorraren bila eta orientazio ibilbideak. Horrez gain, astearte eta asteazkenetan jarduera berezi bat egingo dute 17:00etan: hilaren 15ean, Poltsikoko baratzeak; 16an, Airearekin jolasean, biak 6 eta 10 urte artekoentzat; hilaren 22an, Maren, Urgulleko zaindaria, eta 23an, Piraten altxorraren bila, biak 4 eta 7 urte artekoentzat.
Uliako Interpretazio Zentroan, aldiz, hiraren 17tik 21era luzatuko den programazio berezia burutuko dute mendia hobeto ezagutzeko. Jarduerak 5 urtetik gorako haur eta gazteentzat egokiak dira eta 11:30ean saio bereziak egingo dituzte: hilaren 17an, Xarma labanda; 18an, Enararen abenturak; 19an, UliaOK; 20an, Oasi bat basoan? eta 21ean, Loreontzi labanda. Halaber, arratsaldeetan eskulanak eta nork bere kabuz egiteko jarduerak ere izango dira. Gainera, ordutegia ohi baino zabalagoa izango da: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Azkenik, Ingurumen Baliabideen Etxean, hilaren 25ean, liburu arrunt bat artelan bihurtzeko teknikak irakatsiko dituzte tailer batean. Bestalde, aurrerantzean, bertan eta Ulian, iparrorratza, lupa, animalia eta landareen gidatxoak… dituen Kuxkuxeroen kit-a erabilgarri izango da doan, natura esploratzaile begiekin behatzeko.
Informazio guztia Cristinaenea.eus webgunean ikusgai dago.