Matxitxakoko gudan parte hartu zuen 'Bou Gipuzkoa' itsasontziaren omenezko eskultura inauguratu dute

2,70 metro luze eta 40 zentimetro zabal den Bou Gipuzkoa ontziaren erreplikaren inaugurazioa izan da igandean, Donostiako kaian. Matxitxakoko itsas-borroka ezagunean hartu zuen parte Bou Gipuzkoa itsasontziak.
Eusko Jaurlaritzak 1936ko urrian sortu zuen Euskadiko Itsas Armada Laguntzaileak itsas trafikoa eta arrantza-lanak ontzi frankistengandik babesteko, eta itsasoan zeuden lehergailuak desaktibatzeko.
Flotaren zatirik handiena bederatzi bakailao-ontzik osatu zuten, artilleriaz hornituak. “Bizkaia”, “Araba”, “Nabarra”, “Gipuzkoa”, “Goizeko”, “Iparreko”, “Donostia”, “Gasteiz” eta “Iruña” izenak jaso zituzten. Unitate horiei beste ontzi armatu txiki batzuk ere gehitu zitzaizkien, horien artean dragamina gisa gaitutako 27 arrantza-ontzi, Bilboko portuko sarbideak garbi mantendu zituztenak.
Memoria historikoa
Ekitaldian, Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak esan du historia garaileek idatzi ohi dutela, eta, beraz, azpimarratu du garrantzitsua dela memoria historiko demokratikoa eraikitzen jarraitzea, “iraganaren argazki osoa” izateko eta, horrela, gizartean “benetako kultura demokratikoa” errotzen laguntzeko.
Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, eskultura berria “Donostian eraikitzen ari diren memoriaren maparen parte da, hiriaren historia ez ahazteko nahia islatzen duten hiri-elementuen bitartez”.