Turismoa «birpentsatzeko» jardunaldiak antolatu ditu EH Bilduk

EH Bilduk ‘Turismoa(k) birpentsatzen’ jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 12an eta 13an. Turismoaren balizko itzulpen soziala eta ekonomikoa eta Donostiaren eta bere auzoen karga-ahalmena, jorratuko dituzte bi saioetan. Horretarako, bertan parte hartuko dute LAB, ESK, CCOO, UGT eta CNT sindikatuek, Deustu eta EHU/UPV unibertsitateetako ikerlariek, Zubiri-Manteo Institutuko Turismo departamentuak eta turismoan aditua den Casilda Cabrerizo Geografian doktoreak.
EH Bilduren ustez, “indarrean dagoen ereduarekin amaitu, donostiarrak erdigunean jarri haien ongizatea bermatuz eta lehenetsiz eta azken urteotan kaltetuak izan diren auzoak konpentsatu” behar da: “Parte Zaharra, Gros, Erdialdea eta Antigua auzoak zuzenean ari dira pairatzen interes pribatua bizilagunen ongizatearen aurretik jartzen duen turismo-ereduaren ondorioak, baina hiri osoaren garapena da erabat baldintzatuta dagoena”.
Markel Ormazabal zinegotziak azaldu duenez, turismoa jarduera “ezegonkorra” da, eta turismo-industria beste industria batzuk baino “kalteberagoa”. “Horiek horrela, hiri gisa ditugun erronkei aurre egiteko, ezinbestekoa da turismo-ereduari buruzko hausnarketa kolektiboa egitea”, adierazi du Ormazabalek. “Testuinguruak behartzen gaitu nagusi den eredua zalantzan jartzera eta eztabaidara eramatera”.
Bi gai nagusi eztabaidagai
Lehenengo saioan, maiatzaren 12an, turismoaren itzulera sozialaz eta jardueraren bideragarritasunaz hausnartuko dute. “Donostiako Udalaren arabera, turismoak hiriko barne produktu gordinaren % 13,9 hartzen du eta 15.000 lanpostu sortzen ditu. Hala ere, lau donostiarretik hiruk ez dute sentitzen beren bizi-kalitatea hobetu denik turismoaren ondorioz, eta herritarren %72k uste du turismoak ez diela inoiz edo ia inoiz mesede egin. Galdera ez da turismoak aberastasuna edo lana sortzen duen, baizik eta errenta hori nola banatzen den eta lan hori nolakoa den”.
Jardunaldiak Casilda Cabrerizo Geografian doktoreak eta Madrilgo Carlos III Unibertsitateko irakasleak irekiko ditu. “La ciudad negocio. Turismo y movilización social en pugna” azterketaren egileak hitzaldia eskainiko du “Turismo urbano: la ciudad como mercancía para la visita” izenburupean. Ostean, LAB, ESK, CCOO, UGT eta CNT sindikatuek hitza hartuko dute “Turismoaren ustezko itzulera soziala eta jardueraren bideragarritasuna Donostian” izenburua duen mahai inguruan.
Bigarren saioan, maiatzaren 13an izango da, “Donostiaren eta bere auzoen karga-turistikorako ahalmenaz” eztabaidatzeko . Donostiaren eta bere auzoen karga-ahalmenaz arituko dira zenbait aditu. Horretarako gonbidatu ditugu Aurkene Alzua Sorzabal, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Nebrija-Telefonica Unibertsitateko Turismo Adimentsuaren katedra zuzendaria; Nekane Altzelai Uliondo, Manteo Zubiri BHI Institutuko Turismo irakaslea; eta Xavi Minguez Alcaide, EHU/UPV Unibertsitatean Gizarte Psikologia saileko irakaslea.