Amara Bai auzo elkarteak kultur eta kirol ekipamenduen bidezko «konpentsazioa» eskatu dio udalari, auzoan egindako «hanka sartzeen» aurrean

Joan den ostiralean Donostiako Udalak San Bartolomeko proiektua bertan behera utziko dutela jakinarazi ostean, prentsaurrekoa eskaini du gaur Amara Bai auzo elkarteak Easo plazan, San Bartolomeren etorkizunari buruz hitz egiteko.
Harkaitz Aranburu auzo elkarteko kideak adierazi duenez, “sorpresaz” hartu dute albistea, eta ondo ikusten dute proiektua geldiarazi izana, baina “zain” daude etorkizunean eremu horretan zer gertatuko den ikusteko. “Ez dugu nahi berriro Amaran San Bartolome muinoaren inguruan gertatutakoa gertatzea, Easoko trenbidearen eremuko lanak egiten dituztenean, besteak beste. Espero dut hiriak zerbait ikasi izana, izan ere, hemen ezin dira berriro horrelako hanka sartzeak egin”, nabarmendu du Aranburuk. Zentzu horretan, egingo dituzten lan guztien informazioa helarazteko eskatu diote udalari, “herritarrek ulertzeko moduan”.
Auzo elkartearen arabera, 30 urte pasatu dira Amara auzo bizigarria izan dadin lanean hasi zirenetik, eta San Bartolomeko proiektua “garaipen txiki bat” dela esan dute. “1990ean, ni jai batzordean sartu nintzen, eta hori baino lehen ere, bazegoen jendea auzo duin baten alde lanean. Etsipena izan da askotan gure laguna borroka honetan, eta gure iritziz, berandu dator San Bartolome gelditzeko erabakia. Auzotar asko kaleratu dituzte Morlansera, eta behar ezin zituzten gastuetan sartu dituzte”, deitoratu du Aranburuk. Ildo horretan, Amara auzoa 30 urtean “bahituta” egon dela salatu du.
Bukatu gabeko proiektuak
30 urte hauetan, udalak egin beharreko kultur eta kirol ekipamenduak ez direla egin salatu dute. “Amara Zaharraren birsorkuntzaz gu hasi ginen hitz egiten duela 30 urte. Proiektatutako gauzen artean, guk proposatu genuen Easo plazako inguru guztia humanoagoa egin behar zela: kotxe kopurua jaistea, bi plazak elkartzea, frontoia zaintzea eta beste hainbat gauza”, azaldu du Aranburuk.
30 urte igaro badira ere, zenbait proiektu “amaitu gabe” daudela salatu du auzo elkarteak. Kirol kantxan, adibidez, lurra markatuta dagoela azaldu dute, baina udalak ez dituela inbertsio horiek bete oraindik. “Frontoia bai, azkar bota zuten, baina interesatzen ez zaizkion proiektuak luzatu egiten ditu udalak”, salatu dute.
Hori dela eta, Amara Bai auzo elkarteak “konpentsazioa” exijitu dio udalari, “kultur eta kirol ekipamenduetan konpentsazioa”. “Aski da, adarra urte askoan jo diguzue, eta mesedez, inbertsioak egin auzo honetan. Ezin dugu dagoeneko mehatxupean jarraitu obra honen azpian”, nabarmendu dute.