Axularreko ikasleek irabazi dute 34. ESME saria

Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan banatu dira ostiralean, apirilaren 11n, enpresa ideiarik onenaren ESMEren lehiaketaren XXXIV. edizioko sariak. Ekimena Deusto Business Schooleko ESME Junior Enpresak antolatu du, eta guztira 100 ikasle baino gehiagok hartu dute parte. EAEko batxilergoko lehen eta bigarren mailetako eta gradu ertain edo goi mailako heziketa zikloetako ikasleentzat enpresa munduarekin lehen harremana proposatzen du lehiaketak.
Lehiaketan enpresa ideia original eta bideragarri bat proposatu behar da eta zehaztu behar da zein negozio mota aukeratzen den, kokapena, egitura, langile kopurua, lehiakideak, negozioan abian jartzeko pausoak, finantzaketa, bideragarritasuna, eta abar.
Ekitaldian, edizio honetan aurkeztutako bost lan onenak saritu ziren, eta proiektu irabazlea Donostiako Axular Lizeoa ikastetxeko WheelChair Maps izan da. Asier Bengoak eta Iker Fondok osatutako taldeak gurpil-aulkian dauden pertsonentzako egokitutako Google Maps moduko bat garatu du, eskailerak edo obrak bezalako oztopoak saihesteko ibilbide optimizatuak eskaintzen dituena.
Bigarren saria Deutsche Schuleko ikasleek garatutako Poseidón proiektuarentzat izan zen, eta hirugarrena Axular Lizeoako ikasleek egindako Mugarik Gabeko Zaporea proiektuarentzat. Laugarren eta bosgarren postuak Laskorain Ikastolako ikasleek egindako GreenBox eta Echon proiektuei egokitu zitzaizkien.
ESME Junior Enpresak antolatutako ekimen honek hiru hamarkada baino gehiago daramatza batxilergoko ikasleen artean “espiritu ekintzailea sustatzen, eta erreferentzia gisa finkatu da Gipuzkoako hezkuntzaren eta enpresaren esparruan, urtero talentua, sormena eta gazteek berrikuntzarekin duten konpromisoa aitortuz”.