Jose Luis Sanchez Verak ez du Reala entrenatuko aurrerantzean

Jose Luis Sanchez Verak Realaren emakumezko taldea entrenatzeari utziko dio denboraldi amaieran, ekainaren 30ean. Sanchez denboraldi hasieran heldu zen taldera, Natalia Arroyo ordezkatzeko. Reala baino lehen, Atletico Madril entrenatu zuen, bi garaitan: lehen denboraldian, Liga irabazi zuen Madrilgo taldearekin, eta bigarrenean, Espainiako Superkopa lortu zuen.
Entrenatzaileak berak ohar baten bidez jakinarazi duenez, “klubak zein jokalariek konfiantza, maitasuna eta errespetua erakusten jarraitu arren, eta ekarpenak ekarpen”, datorren denboraldian karguan beste norbaitek egon behar duela uste du, “aldaketak egiten segi dezan”. Era berean, erabakia “mingarria eta tristea” dela azaldu du, “duela hainbat aste hartutakoa, gogoeta sakonaren ostean”. Dena den, taldearen hazkunderako “erabaki onena” dela ondorioztatu du.
Realak, bere aldetik, hilabete hauetan egindako lana zein “erakutsitako profesionaltasuna” eskertu dizkio entrenatzaileari, eta etorkizuneko erronketan “zorterik onena” opa dio. Gaur egun, Reala F Ligako zazpigarren postuan sailkatuta dago. Erregina Kopan, Real Madrilek kanporatu zuen, final laurdenetan.