Sei itsas arrano jaio dira Aquariumean

Sei itsas arrano (Myliobatis aquila) jaio dira Aquariumean, eta bisitariek bertan halako espezie bat ikusteko aukera duten lehen aldia da. Aquariumetik azaldu dutenez, lehen aldiz Aquariumak “Europa osoan arrisku kritiko globalean eta zaurgarritasun egoeran” dagoen espezie honen kumearen jaiotze prozesu osoa arrakastaz egitea lortu du.
“Berrogeialdian prozesu luzea egin ondoren, eta biologiako taldeko langileen konpromisoari eta ardurari esker, aste honetan Aquariumeko tunel ezagunaren amaieran egokitutako eta lokalizatutako akuario batera eraman dituzte, eta jaiegun hauetan bertaratzen diren bisitariek aukera izango dute espezie zoragarri hori eta haren prozesua pixka bat gehiago ezagutzeko”, azaldu dute.
Prozesu “delikatua”
2023. urtearen amaieran, sei kume jaio ziren (bi eme eta lau ar) berreskuratze tankean. Myliobatis aquila espezieko obobibiparoak dira, alegia kumeak amaren barruko arrautzen barruan garatzen dira eta erabat osatuta jaiotzen dira.
Ama egoera onean zegoenez eta ohiz kanpoko portaerarik ez zuenez, ozeanariora eraman zuten, kumeek beren prozesua jarraitzen zuten bitartean. “Lehen egunak zailak izan ziren, kumeek ez baitzuten jaten. Hirugarren egunetik aurrera, aurrez desizoztutako janariarekin (sardina eta izkira) elikatzen hasi ziren, eta horri garbiketa zorrotza eta egunerokoa gehituz, kumeak egokitzen joan ziren, pisua eta zegokion neurria hartuz. Zortzi hilabete geroago, bere ingurunera erabat egokituta zeuden, eta batez besteko pisua 666,5 gramokoa zen”, azaldu dute.
Akuarioko zaintzaileek protokolo bat ezarri dute, osasun azterketa erregularrak, hazkundea monitorizatzea eta dietan doikuntzak egitea barne hartzen dituen prozesu bat jarraitu dute hazkuntza bermatzeko.
Berritasunak Aste Santuan
Aste santu honetan, bisitariek espezie tropikal berriak ikusi ahal izango dituzte inauguratu berri den Amazonas ibaiaren akuarioan. Horien artean, lau piraña espezie berri, arahuanak, Leopoldo raiak, punta zuriak eta pakuak.
Aquariuma egunero egongo da zabalik Aste Santuan, 10:00-20:00 bitartean.