Udal etxebizitza tasatuen ordenantza Etxebizitza Legera egokitu da: zozketarik ez eta espekulatzeko aukerarik ez
Goiaren ustez, "erdi-mailako klasea" ahaztua geratu da etxebizitza politiketan, eta etxebizitza tasatuak alternatiba izan daitezke merkatuan prezio librean lortu ezin dutenentzat.

Donostiako Gobernu Batzordeak udal etxebizitza tasatuak arautzeko Udal Ordenantzaren proiektua onartu du gaur. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, “Donostian bagenuen udal etxebizitza tasatuen ordenantza bat, 2007koa. Ordutik hona, hainbat arau sortu dira, eta, horien arabera, ordenantza hori eguneratu eta egokitu egin behar da, batez ere Etxebizitzaren Euskal Legearen alderdi batzuengatik”. Alegia, Jaurlaritzaren legera moldatu da ordenantza.
Dokumentu berri honetan egokitzen den alderdirik garrantzitsuena etxebizitzak esleitzeko modua da: “Orain arte indarrean egon den ordenantzan zozketa erabiltzen zen, eta Etxebizitzaren Legetik esleipenak eskaeren baremazio baten bidez egin behar dira. Baremazio horretan puntuak esleitzen dira familiaren diru-sarreren, kide kopuruaren, antzinatasunaren eta beste inguruabar pertsonal batzuen arabera, hala nola desgaitasuna, guraso bakarreko familiak, etab.
Bestea, prezioa mugatzearena. Lehen, urte kopuru bat igarota, merkatu librera pasatzen ziren etxebizitzak. Neurri honen bidez, “espekulazioa ekidingo da”, alkatearen hitzetan.
Goiak gogorarazi duenez, “Udalak asmoa du horrelako udal etxebizitza tasatuak bultzatzeko eta garatzeko datozen hiri-garapen berrietan, etxebizitza sozialetarako derrigorrezko erreserbez gain”. Legeak eskatzen du proiektu batean etxebizitzen %40 babestuak. Horien arten, erdia etxebizitza sozialak izan ohi dira, eta beste erdia tasatuak.
“Udal etxebizitza tasatu horien hartzailea erdi-mailako klasea da, batzuetan etxebizitza politiketan ahaztuta dagoena; izan ere, alde batetik, etxebizitza sozialetik kanpo geratzen dira, baina, bestetik, ez dira merkatu librera iristen. Hori da gure helburua, biztanleriaren maila gehienetara iristea, herritar guztiei etxebizitza babestu bat eskaintzea, erabiltzaileen diru sarreren araberako prezio desberdinekin”, azaldu du Goiak.
Izan ere, etxebizitza tasatuak etxebizitza sozialaren eta merkatu librearen “erdibidean” daude Goiaren ustez: “Horrela, udal etxebizitza tasatuarekin etxebizitza asko merkatura daitezke prezio mugatu eta eskuragarrian, lurzoruaren eta urbanizazioaren kostuak estaliko dituena eta espekulazioa eragotziko duena. Horregatik, Udalak beharrezkotzat jo du udal etxebizitza tasatuen arauketa eguneratzea eta biziberritzea”.