Donostian jokatuko da Jai Alai League-ko final handia

Irailetik aurrera, Donostia Jai Alai Leagueko hiriburu bihurtuko da. Zesta-puntako Liga profesionalak Iparraldeko, Hegoaldeko eta Floridako hainbat hiri zapaldu ditu dagoeneko, hala nola, Bilbo, Donibane Lohizune, Gasteiz, Biarritz, Dania-Florida, Pau eta Gernika, eta Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan izango du merezitako amaiera.
Donostia Kirola eta Eraman! enpresaren arteko akordioa hurrengo hiru urtetarako da. Modu honetan, Donostia zesta-punta profesionaleko erreferentzia nagusia izango da berriz ere, bai gizonezkoen kategorian bai emakumezkoetan.
Iñaki Gabarain, Donostiako Kirol eta Bizitza Osasungarriko zinegotziaren esanetan “akordio hau estrategikoa da Donostia Kirolarentzat. Donostiak pilotaren munduan izan behar duen garrantzia berreskuratzen ari gara pixkanaka eta bide horretan zesta-puntako final hauek Carmelo Baldan hartzea aurrerapauso izugarria da”.
Donostiako ‘Final Four’-a
Jai Alai Leaguek urte osoko iraupena dauka. Urrian hasten da, Gernikako Eusko Label Winter Seriesean eta txapelketaz txapelketa, pilotariak puntuak pilatzen doaz Ligako ranking ofizialean. Prestigio handiko txapelketak daude tartean, hala nola, Biarritzeko Urrezko Xistera, Bilboko Iron Cup-a, Donibane Lohizuneko Nazioartekoak edota Floridako Biscayne Cup-a. Gasteiz ere Jai Alai Leagueko egoitza ofiziala da eta baita, Mutriku eta Zumaia, Durango, Markina-Xemein eta Lekeitio (Bizkaia) eta Pau hiria ere (Biarno, Okzitania).
Txapelketa hauetan guztietan batutako puntuekin, Jai Alai Leagueko azken sailkapena osatzen da eta rankingeko pilotari onenek jokatzen dute urteko titulua. Zehazki, rankingeko lau aurrelari eta lau atzelari onenek jokatuko dute Final Four-a edo Ligako azken fasea Carmelo Balda frontoi ikusgarrian.
Azken fase honetan bi finalerdi eta final handia jokatuko dira eta bertan erabakiko da denboraldiko bikote txapelduna. Momentu honetan, Barandika eta Lopez dira Ligako txapeldunak gizonezkoetan. Emakumezkoen kasuan, aurtengoa da Jai Alai Leaguen lehen urtea, denboraldi historikoa da beraz, eta Donostian ezagutuko ditugu historiako lehenbiziko emakume txapeldunak.