Donostiako Orfeoiak 'África, el abrazo entre los pueblos' obra interpretatuko du larunbatean

Donostiako Orfeoiak emanaldi berezi bat eskainiko du larunbatean (hilak 26), Kursaalean: Donato Goienetxe nafarrak konposatutako África, el abrazo entre los pueblos interpretatuko du. Afrikako musika tradizioa eta amerikar musika uztartzen ditu obrak, eta kontzertuak estilo ugari eskainiko ditu: afrikar kantu etnikoak, bluesa, swinga eta funka, besteak beste. 20:00etan izango da, eta sarrerak hemen daude salgai, 30 euroan.
Sainz Alfarok zuzenduko du emanaldia, eta Marife Nogales (mezzosopranoa), Jagoba Fadrique (baritonoa), Borja Rubiños (pianoa), Iker Telleria (perkusioa) eta Bibiche Sambou (perkusioa) ere arituko dira bertan.
1996an estreinatu zuten obra hori, Viktoria Eugenia antzokian, eta ibilbide luzea izan du ordutik, erakunde publikoekin eta GKEekin elkarlanean. “Lanak afrikar kontinenteko aberastasun kulturala jorratzen du, baita munduan utzitako ondarea ere. Sorkuntza honek Afrikako soinu tradizioak osatzen dituzten erritmoen, harmonien eta poesiaren aniztasuna nabarmentzen du. Musikagileak Sahara hegoaldeko muga geografikoak gainditzen ditu, mendeetan zehar Afrikako musika tradizioak Amerikako kulturekin nola uztartu diren aztertzeko, amerikar musika adierazpenetan eragin sakona izanik”, azaldu du Orfeoiak.
Lanak, gainera, nazioarteko proiekzioa izan du. urteotan: 2004an, New Yorken aurkeztu zen eta, 2005ean, Donostiako Orfeoiak eta Euskadiko Orkestrak obra interpretatu zuten Kursaalean, orkestra bertsioan.