Etxebizitzaren errepresioaren aurkako elkartasun astea antolatu dute
Donostiako hainbat eragileren ekimena da, tartean Saretxe Etxebizitza Sindikatua, Bartzelonan etxegabetze bat geldiarazten saiatzeagatik auzipetutako 20 bat lagunei babesa adierazteko.

Donostiako hainbat eragilek bat egin dute Bartzelonako Bloc Llavorsen etxegabetze bat geldiarazten saiatzeagatik maiatzaren 8tik aurrera epaituak izango direnen aldeko elkartasun astea antolatzeko. Bihar, hilak 22, agerraldia eta elkartasun argazkia egingo dituzte Trinitate plazan, 18:00etan. Ostegunean, hilak 24, berriz, Etxebizitza eskubidea eta errepresioa hitzaldia eta pintxo pote girotua aurrera eramango dituzte Intxaurrondoko Letaman Gaztetxean, 17:00etan; eta larunbatean, hilak 26, Elkartasun jaialdia egingo dute Mogambon.
Zehazki, 21 lagun auzipetu dituzte, tartean donostiar bat, Poble Sec auzoko eraikin batetik hiru bizilagunen etxegabetzea geldiarazten saiatzeagatik. Saretxe Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, “etxegabetzeak bost ordu baino gehiago iraun zuen, hamarnaka pertsonek egindako erresistentziari esker. Orain, ordea, elkartasun hori kriminalizatu eta errepresio politikoaren bitartez zigortu nahi dute”. Auzipetu bakoitzari 20 hilabeteko espetxe-zigorra eta 200.000 euroko isun eta kalte ordaina eskatzen diote.