Gizon bat atxilotu dute Martuteneko espetxe barrura droga jaurtitzeagatik

Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu du Donostian, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita. Zehazki, kaletik Martuteneko espetxe barrura substantzia estupefazienteak jaurtitzea leporatu diote.
Gertakaria igande arratsaldean, 19:30ak aldera jazo zen. Martuteneko kartzelan zaintza lanak egiten ari zen ertzain batek gizon bat ikusi zuen bide publikotik espetxe barrura objektu bat botatzen. Ertzainek objektua aurkitu zuten: plastikoz bildutako bola zuri bat harri batekin batera, espetxeko perimetro-hormak gainditu ahal izateko jaurtigai gisa erabilitakoa.
Jaurtiketaren egilea minutu batzuk geroago atzeman zuten, Martutene auzora zihoala eta osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egiteagatik atxilotu zuten. Beharrezko eginbideak amaituta, epailearen esku utziko dute.