Vaiven ekoiztetxeak azken saioa egingo du maiatzaren 18an Gazteszenan
Agurrekoa izango den 'El último Vaivén' ekitaldiak musika, antzerkia eta ezustekoak izango ditu; sarrerak salgai daude 22 euroan.

Vaiven ekoiztetxeak jakinarazi du maiatzaren 18an agur esango diela eszenarioei Gazteszenan. 28 urteko ibilbidearen ondoren, Ana Pimenta eta Iñaki Salvadorrek oihala itxi eta argiak itzaliko dituzte El último vaivén izeneko ekitaldi berezi batekin. Bertan, Salvadorren musika, Redada familiar obraren emanaldia, Pimenta eta Salvadorren parte hartze “bitxi” bat, mikrofono irekia, azken topa eta ezustekoak izango direla aurreratu du konpainiak.
Hala aurkeztu dute 140 minutuko iraupena izango duen emanaldia: “Vaiven, azken balantza. Vaivenen izpiritu bihurri eta geldiezinek mutisa egingo dute. 28 urte… sortuz ta sortuz gure aukera. Atsedenik hartu gabe: lana eginaz, goaz aurrera. Kale horretan denok batera… Irudimena, ekimena, asmatu, akatsak egin, zorte ona eta txarra izan, izaera, konpromisoa, eta umorea, umorea gogotik… goaz aurrera. Talde artistiko eta tekniko zoragarriekin, bulegoko lankide konplizeekin, ofizioko kideekin, gure aldeko apustua egin duten lagunekin eta publiko leial eta baldintzarik ez dutenekin… denok batera. Hor doakizue gure txaloa…”.
Sarrerak salgai daude 22 euroan Donostia Kulturaren webgunean, eta bai Viktoria Eugenia antzokiko bai Antzoki Zaharreko leihatiletan ere.