«Langile falta aldarrikatzen jarraituko dugu, hiri seguru baten alde eta zerbitzu moderno baten alde»
Azken egunotan gutxieneko zerbitzuak bermatu ezinda dabiltzala salatu dute Donostiako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileek.

Akordioak akordio eta negoziazioak negoziazio, Donostiako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileek bizi duten egoera salatzen jarraitzen dute. Aste Santuko egunetan gutxieneko zerbitzuak bermatu ezinda ibili direla ohartarazi dute sare sozialen bidez. Esaterako, atzo hamahiru suhiltzaile zeuden zerbitzua emateko moduan. “Suhiltzaileok 265.000 laguni ematen diegu zerbitzua”, deitoratu dute, beste behin ere.
Apirila hasieran, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak egindako akordioa gaitzetsi zuten: “Akordio antzua da, eta ez ditu Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuaren arazoak bere gain hartzen. Horrek argi uzten du bi administrazioak ez dutela borondaterik behar diren giza baliabideak ezartzeko, eta funtzionamendu operatibo bateratuan lan egiteko. Argi dago hori egiteak inbertsio bat eskatuko lukeela, baina gipuzkoar guztiontzako hobekuntzak bilatu beharrean, administrazio bakoitza bere interes ekonomikoak defendatzen ari da”.
Akordioa “aukera galdu” bat zela gaineratu zuten. “Udalak urtero milioi bat euro gehiago jaso arren, aurtengo aurrekontuak diru sarrera horren igoera ez da zerbitzuak islatu. Hau da, beste behin udalak diru sarrera bat jaso du zeina ez duen gastua sortzen duen beharretara bideratzen. 2,75 milioi euro jasoko ditu urtero, eta ez da zerbitzuko aurrekontuan islatzen”, azaldu zuten. Horrekin batera, Aldundiaren ratioak berdintzeko, “txanda bakoitzeko sei suhiltzaile gehiago (36 guztira)” behar dituzte Donostialdeko hiriei “zerbitzu segurua eta kalitatezkoa emateko”, eta “txanda bakoitzeko beste suhiltzaile bat Donostiari zerbitzua emateko (42 denera)”.
Horiek horrela, mobilizatzen segitzeko asmoa iragarri dute: “Langile falta aldarrikatzen jarraituko dugu, hiri seguru baten alde eta zerbitzu moderno baten alde”.
Urte eta erdi
Donostiako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileek urte eta erdi daramate protestan, “hiri honek merezi duen Suhiltzaileen Zerbitzua lortzeko, herritarrentzat eta langileentzat segurua izan dadin”. Izan ere, salatu dutenez, “udalaren aldetik, urte askotako utzikeria izan da, eta ez da behar besteko aurrekonturik erabili langile, material, ibilgailu eta azpiegitura beharrak asetzeko”.