Amaiur Sarriegik ez du Realean jarraituko
Klub txuri-urdinak baieztatu ez duen arren, hedabide batzuek ziurtzat jo dute aurrelari donostiarraren agurra.

Joan-etorrien makina martxan jarri da. Realak atzo bertan jakinarazi zuen Mirari Uria aurrelari azpeitiarrak 2027 urtera bitarte jarraituko duela. Albiste horrek, beste batekin lotura duela adierazi dute hainbat hedabidek. Hau da, Amaiur Sarriegi aurrelari donostiarraren agurrarekin. Kontratua berritzeko eskaintza jaso arren, Reala utzi eta Atletico Madrilekin fitxatuko duela aurreratu dute.
Klubak oraindik baieztatu ez badu ere, Sarriegiren agurra ez da albiste ona. 2020. urtean Athleticetik fitxatu zutenetik, asko eman dio lehen taldeari. 2020-2021eko denboraldian hamabi gol egin zituen. Hurrengo denboraldian, berriz, hamazazpi gol egin zituen, eta Realak bigarren bukatu zuen liga. Azken bi denboraldietan, ordea, ez da horren erabakigarria izan. 2023-2024ko denboraldiak soilik bi gol egin zituen, eta sasoi honetan zazpi daramatza. Horrela ere, maila onean aritu da, eta horri esker Espainiako selekzioarekin hainbat partida jokatu ditu.
Pasa den udan, Synne Jensen aurrelari norvegiarrak Reala utzi zuen Atletico Madrilera joateko. Uda honetan, gauza bera gertatuko dela dirudi Sarriegirekin.