'Arizona' mugako sasi tragikomedia, igandera arte Antzoki Zaharrean
Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola dira migrazioari eta mugei buruzko obraren antzezleak.

Txalo Produkzioak konpainiak Arizona antzezlana oholtzaratuko du gaurtik igandera bitartean, Antzoki Zaharrean. Gaur, bihar eta etzi, 19:30etan egingo dute emanaldia, igandean, berriz, 19:00etan. Sarrerak 16-22 euroan salgai daude antzokiko leihatilan eta Donostia Kulturako webgunean.
Margarethe eta George Arizonako mugaraino helduko dira. Lehena, musikal bat egiteko ametsarekin, bigarrena, berriz, “Proiektuak” agindutako misio bat betetzera: bizilagunengandik bereizten dituen muga marrazten den lekuraino joan eta hura defendatzea. Norengandik defendatu, ordea? Bizilagunak hor daude, zelatan, deskuidurik txikienean noiz gurutzatuko zain… Egoerak galdera asko eta erantzun gutxi eragingo dizkie bi protagonistei, eta beraien bizitza aldatzen hasiko da.
Juan Carlos Rubiok idatzitako testuak mugei, migrazioari, giza ergelkeriari eta manipulazioaren mugei buruzko gogoeta egiten du. Muturrera eramandako bi pertsonaiak parodia zoro eta tragedia gordinaren artean ariko dira, sasitragedia-sasikomedia-sasimusikal honetan.