BCCren eraikin berriko lan zaratatsuak gauez egiten aritu direla salatu dute

Basque Culinary Centerren Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikin berriko lanak gauez egiten aritu dira aste honetan, eta, hainbat bizilagunek salatu dutenez, zarata handia egiten aritu dira, euren atsedenerako eskubidea urratuz. Bideo honetan ikus eta entzun daiteke hori:
Hedabide honek bizilagunen bidez jakin ahal izan duenez, asteartetik (hilak 22) asteazkenerako gauean, ordu txikitan, zarata handia egiten aritu ziren Manteoko lanetan, eta Udaltzaingoari deitu zioten horregatik. Bizilagunen arabera, jakinarazi zieten lanak gauez egiteko baimen berezia zutela, hilaren 6, 7 eta 8rako, baina ez zieten aste honetarako baimenik aipatu. Hala ere, Amenabar enpresak ohar batzuk jarri zituen aste honen hasieran lanen inguruan, 22tik 25era gauez aritu zirela ohartaraziz.
Urrirako prest
Manteoko proiektu polemikoko lanak ziztu bizian doaz: eraikinaren egitura ikus daiteke dagoeneko, besteak beste. Izan ere, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko (BCC) zuzendariak joan den astean iragarri zuen eraikin berria urrian irekitzea aurreikusten dutela.
Aizegak adierazi zuen eraikuntza plana “zorrotz” betetzen ari dela eta obrak “epe barruan” doazela. Gainera, GOe EAErentzat “proiektu estrategiko” gisa definitu zuen: zortzi sukalde, hamar laborategi, analisi sentsorialerako gela, sormenerako gune bat, ikus-entzunezko ekoizpenerako estudio bat, 1.000 metro koadroko bi coworking gune, enpresentzako, ikasgelentzako eta sukaldeentzako espazioak, gela balioaniztunak, 200 pertsona baino gehiagorentzako edukiera duen auditorioa, esperimentaziorako eta testatzeko jatetxe bat eta kantina bat izango ditu.
Proiektua Manteon egiteko asmoa zegoela jakin zenetik, asko izan dira proiektuaren aurka ahotsa altxa nahi izan duten hiritarrak, izan ere, eraikina bertan eraikitzeak han zegoen gune berdea “suntsitzea” zekarrela kritikatzen zuten hiriko eragileek. 2023an egindako erreportaje honetan irakur daitezke proiektuaren nondik norakoak, eta aldeko eta aurkako iritziak.