Liderra mendean hartuta, hirugarren postua ziurtatu dute

Partida garrantzitsua zuen asteazken iluntzean etxean Bera Berak, eta behar bezala erantzun zuen: 27-21 irabazi zion ligako lider Atletico Guardesi, Europako txapelketagatik atzeratutako neurketan. Horrela, hirugarren postua ziurtatuta daukate donostiarrek, lau puntuko aldea baitute Porriñorekiko, bi jardunaldiren faltan.
Lehenengo minutuetan lortu zuen alde garrantzitsua Bera Berak, zazpigarren minuturako 5-1eko markagailua baitzuten. Bisitariek ez zuten amore eman, ordea, eta hiru goleko alde txikia izatera heldu ziren bi aldiz bigarren zatian. Etxekoek, hala ere, tinko eutsi zioten euren jokoari, eta zortzi goleko aldea lortzera ere heldu ziren. Azkenean, 27-21 irabazi zuten donostiarrek, eta bi partida dituzte aurretik liga ahalik eta goren bukatzeko.