Txuri-urdin Buru-makurren Kluba
Realaren ezintasunaren erantzuleak nortzuk diren galdezka dabiltza, denboraldia bukatu delakoan.

Gasteizko porrotak eta Imanol Alguacilen agurrak zeharo suspertu du Txuri-urdin Buru-makurren Kluba. Ezin daiteke esan erdi lo zegoenik, baina bai apalago. Ordea, denboraldiak aurrera egin ahala esnatuz joan da, Alavesen kontrako derbiaren porrota gertatu arte. Kolpetik itzartu dira zale burumakurrak eta buru-makurrak. Irainka hasi dira, filtrorik gabe. Erantzuleak seinalatu eta berretsi dituzte, eta iritsi da lehen biktima: entrenatzailea.
Txuri-urdin Buru-makurren Kluba ez da sortu berria, Realaren historiaren eta izaeraren parte bihurtu da, pixkanaka. Taldea bigarren mailara jaitsi zen urte hura erabakigarria izan zen klubaren oinarriak finkatu eta eratzeko. Garai onetan ere burua makurtzea dute helburu, ontasunari txarkeria bilatuz. Garai txarretan, berriz, txarkeria hori gaiztotzen dute zornea sortzeraino. Tamalez, badirudi une horren atarian dagoela taldea.
Liga bukatzeko bost partida falta direnean, Alguacilek esandako “sekulako denboraldia” esaldia darabilte. Ezin eman arrazoia, ordea, entrenatzaileari. Denboraldia ez delako “sekulakoa” izaten ari, baina ezta “porrot” edo “hondamendi” bat ere. Europa ligako final-zortzirenetara eta Espainiako Kopako finalerdietara iritsi dira txuri-urdinak. Bietan kanporatzeak gogorrak izan dira: Old Traffordekoa bidegabea, eta Bernabeukoa epikoa. Ligako ibilbidea, berriz, gorabeheratsua izan da, eta bide beretik bukatuko dela dirudi. Europara berriz sailkatzeko aukerak ditu Realak, baina klubak dio ezetz, ez dela posible.
Txuri-urdin Buru-makurren Klubari aurre egiteko, bigarren mailan sortu zen beste kluba suspertu beharko da: Txuri-urdin Sentituen Kluba. Hau da, onean eta txarrean irauteko gai diren Realeko zaleek osatzen dutena. Kaleko, hedabideek sorturiko eta sare sozialetako zaratari iskin egiten diotenak.