«Beti izan naiz margolaria, baina lehen, etxean margotzen nuen, sekretuan»
Lehenengo aldia da Beñat Olaberria margolariak (Parte Zaharra, 1970) Donostian bere lana erakusten duena. Ekain Arte Lanak galeriak sustatua, 'Etxetik' erakusketa ikus daiteke maiatzaren 24ra arte.

Erakusketa honetarako sortu dituzu pieza hauek?
Lehenengo aldia da Donostian erakusketa bat egiten dudana, eta, horregatik, garrantzitsua zen niretzako hemen bertan sortzea. Horrela, iazko abenduan egin nituen lehenengo obrak eta oraintsu gainerako guztiak.
Baina Londresen bizi zara zu, ezta?
Arte Ederrak ikastera joan nintzen duela hamaika urte. Lehenago, moda munduan egiten nuen lan, familiako enpresan, eta inoiz ez nuen aukerarik izan Arte Ederrak ikasteko. Londresera joan nintzen pentsatuz hiru urterako zela, baina ez. Masterra egin nuen eta handik aurrera, gauzak funtzionatzen hasi ziren: lanean, sortzen…
Pintura soilik egiten duzu?
Eskultura egin izan dut, baina pintura egiten dut, batez ere. Egiten ditudan collage hauek funtzionatzen ez duten obrak dira: bota ordez, zatitu egiten ditut, eta puskatutako zatiekin obra berriak egiten ditut.
Nola otu zitzaizun ideia hori?
COVIDaren garaian. Ezin nuen estudiora joan, eta lan egiteko beharra nuenez, formatu txikiko pieza hauek sortzen hasi nintzen.
Batean, mihise bat hutsik; bestean, birziklatutako materiala.
Prozesua zeharo desberdina da. Collagearekin, batez ere, formatu txikiarekin, azkeneko momentuan, zer edo zer aldatzen da eta ez da gertatzen zuk espero duzuna. Nire lanaren alderik garrantzitsuena prozesua da; inoiz ez dut ezer planeatzen, ez dakit zer egingo dudan. Egiten hasten naiz, eta bakarrik dator.
«Kolpe batez egiten ditut obrak: egun berean hasi eta buka. Biharamunean obra gaizki badago, baztertu egiten dut»
Ez duzu helbururik?
Ez.
Beti prozesua da oinarria.
Bai, eta kolpe batez egiten ditut obrak: egun berean hasi eta buka. Estudioa utzi eta biharamunean begiratzen dut obra; ondo badago, ondo dago, eta gaizki badago, baztertu egiten dut.
Zergatik?
Nire lana orain eta hemen dela iruditzen zait: ni hau naiz. Bihar berriro baldin banator, eta berriro lantzen badut, gezurra egiten ari naizela iruditzen zait.
Zailagoa egiten zaizulako?
Ez, alderantziz. Errazegia iruditzen zait gauzak aldatzen eta hobetzen ibiltzea.
Zer behar du ondo funtzionatzeko?
Oreka. Nik bi mutur ditut: alde batetik oso librea naiz, eta oso keinuen bidezkoa eta inpultsiboa, eta bestetik, oso egituratua. Bi mutur horiek orekatzea gustatzen zait.
Beti zuri-beltzarekin?
Hasieran, koloreak erabiltzen nituen, baina konturatu nintzen koloreak informazio gehiegi duela, eta konnotazio gehiegi. Eta nik ez dut nahi nire lanean «zer?» galderari erantzunik topatzea. Zerbait urdina bada, zuzenean zeru bat bihurtuko da, eta hori ez dut nahi. Gutxika, koloreak kentzen joan nintzen, eta, azkenean, beltzarekin bakarrik geratu nintzen. Beltzaren barruan tonu ezberdinak lortzen ditut, baita testura ezberdinak ere.
Eta zure obrak zer mezu ematen duela esango zenuke?
Garrantzitsuena da zuk zer ikusten duzun. Nik irudi bat eskaintzen dizut, eta zuk ekartzen duzu zure esperientzia, zure bizitza, lehenagotik ikasi dituzunak, eta zuk egingo duzu azken lan hori. Nik zerbait eskaintzen dizut, baina lana zuk bukatu.
Lan egiteko prozesua nolakoa izan da Donostian?
Beti bezala planteatu dut, material berdinekin. Ez nuen aurreikusi, baina Donostian lan egitean, gauza berriak gertatu dira. Nire alde estrukturala libreago ibili da.
Gauza asko baztertzen dituzu?
Normalean, lortzen dut lana dominatzea eta nire gustukoa izatea. Oraingoan, obra guztiak elkarrekin jartzean erabaki dut. Neure buruarekin oso exijentea naiz, baina nolabait ikasi dut kontrolatzen eta jakiten prozesuan nagoela eta ikasi dut nire denbora behar dudala erabakia hartzeko.
Artista askok bozetoak egiten dituzte, gero kolore estudioak, eta, azkenik, obra. Eta hori oso aspergarria egiten zait. Nik prozesuan sinisten dut, eta prozesua izan behar da planeatu gabe. Nik baldin badakit nora noan, interesa galdu dut. Hanka sartzeak egitea, istripuak gertatzea… hori nahi dut nik.
Gainontzekoen lanak aztertzerakoan ere horrela baloratzen dituzu?
Ez nago interesatua horretan, ez. Nik asko baloratzen dut teknika izugarria duen jendea, baina gero ez didate ezer esaten. Nik ikusi nahi dut sufritu dutela, hanka sartu dutela eta nolabait, buelta eman diotela. Artelanaren atzean pertsona ikustea gustatzen zait niri. Hiperrealismoa zoragarria iruditzen zait, baina, pertsonalki, ez dit ezer esaten.
Londresek eta Donostiak, artearen ikuspegitik ez dute zerikusirik…
Horregatik joan nintzen hara. Nik lan egiten dudan eraikinean 300 artista ari gara lanean. 300 eraikin bakarrean! Eta horrelako mordoa dago! Eta gezurra dirudi, artista pila egon arren, lan egiteko aukera asko dago. Margotzea da nire ogibidea, eta unibertsitate lanak egiten ditut gustatzen zaidalako. Oso bakartia da nire egunerokotasuna, eta ondo datorkit jendearekin egoteko [barrez].
Askotan galdetzen dute inspirazioaz. Nik ez dut sinisten inspirazioan, lanean sinisten dut. Ahala baldin badut, egunero egiten dut lan. Honela, egunero ikasten duzu zerbait.
Lehendik margotzen zenuen?
Ni, lehen ere, margolaria nintzen, baina sekretuan. Etxera joaten nintzenean, marrazten aritzen nintzen, baina niretzat. Orain bai, orain zabaldu egiten dut.