Defentsa mekanismoak

Euskararen aurkako oldarraldiari buruz umorez idazteko eskatu zidaten. Testu komikoa. Azken urtean komediak okupatu omen duelako nire bizitzan esparru profesionalago bat. Agian irudituko zaizu, baina oldarraldiaren enkarguak ez dauka inolako zerikusirik Bageran lanean hasi izanarekin. Gomendatzen dizuet umorea bizitzaren gorabeherei aurre egiteko; erabiltzaile mailan, behintzat, ezinbestekoa. Umorea da nire arma eta defentsa mekanismo kutuna. Etxe tresna balitz, berogailua. Umorearen profesionala izanda, artikulua ahalegin handirik gabe idatziko nuela iruditu zitzaidan. Error. Bi aste daramazkit artikulu hau idatzi nahian, ezin bukatu, ia egunero topatu dudalako deprimitzeko moduko albisteren bat.
Hasieran, oldarraldiaren kontra antolatzen diren elkarretaratzeei buruz egin behar nuen, Bizkarsoro–ren hype-ak ere ezin baitio aurre egin azken urteotan euskalgintzak jendea erakartzeko duen erabateko ezintasunari. Edo ekimenak eta ekimenak asmatzeaz honezkero leher eginda dagoen militantziaz, eta gero zuk txapa jarri ez, tio. Egin behar nuen niri buruz, nire gai gustukoena. Ni neu ere euskalgintzaren mundu honetan harro-harro sartu izanaz, Euskaraldiari buruzko (aurre)iritzi kategorikoekin. Baina lagun arabar batek ederki gogorarazi zidan gipuzkoarra eta familia euskaldunekoa naizela, zaplateko moduan.
Isilik egoteak zenbat balio duen ikasi nahian nabil beti, baina nola egon isilik EAEko Auzitegi Nagusiak udaltzain izateko B2 maila baliogabetzen zuen sententziaren aurkako helegitea atzera bota ondoren. B2 mailarekin, adibidez, ez dago esaldi hori ulertzerik. Niri ere kosta egiten zait ulertzea nork hasi zuen sententzia, noren kontra eta nork esan dion ezetz nori: baliogabetu, aurka, helegitea, atzera bota, zer? Nahiko txiste da Udaltzaingoa bera, bere horretan. Txiste erraza. Izan ere, taula gainean umorezko bakarrizketetan ibili denak badaki, Poliziarekin sartzea ziur funtzionatuko duen gaia dela. Baina kontuz, ia-ia bihurtu gara bi arratoi txurro zikin batengatik borrokan, epaileek grabatzen gaituzten bitartean. Are gehiago, niretzat, B2 maila beti izan da First Certificate-a eta «page 4, exercise 1» britixinglixez dioen Workbook-eko ahots hori. Seguru asko, udaltzainak ere gogoratuko dira entzumen ariketetako ahots zoli hartaz. No worries, EAEko Auzitegi Nagusiari esker, aurrerantzean, ez dute «zoli» hitza ezagutu ere egin beharko. Are gehiago, «zoli» C1eko hiztegiari dagokio, gutxienez. Are-are gehiago, «zoli» hitza zailegia da. Elhuyar hiztegian begiratu behar izan dut definizio zehatza, bat-bateko beldur irrazional batek hartu nauelako, behar bezala erabiltzen ari ote nintzen kezkatuta, eta, nik ez badakit erabiltzen, udaltzainek are-are-are gutxiago. Agian, EAEko epaileak ez dabiltza hain oker B2 mailarenarekin.
EAEko Auzitegi Nagusia eta oldarraldiaren komeria Monthy Pythonen gidoia ere izan liteke: epaile batzuk jo eta fuego funtzionario elebakarren eskubideak defendatzen. Espainiako Konstituzioaren 3, 14 eta 23 artikuluak oinarri eta elebakartasuna aldarri, gaztelania hutsean egitea Euskal Herriko funtzionarioen erresistentzia ariketa bat balitz bezala. Satira dirudi, baina ez da: it’s funny, ‘cause it’s true. EAEko Auzitegia ez ezik, Baionakoa ere buru-belarri ibili da apirilean: EHEko kideek manifestazioa deitu zuten apirilaren 6rako, Euskararen Egunean Baionako Auzitegian Justizia euskararentzat idazteagatik zigortu behar zituztela-eta. Pena ez garela Brianen Bizitza filmean bizi, frantsesez eta gaizki idatzi izan balute sikiera, idatzaraziko zien bertako epaileak 100 aldiz justice pour la langue basque auzitegiko fatxadan.
Udaltzainak gogoratuko dira entzumen ariketetako ahots zoli hartaz. ‘No worries’, Auzitegi Nagusiari esker, ez dute «zoli» hitza ezagutu beharko
Enegarrenez idazten hasi eta Bilboko Udalak euskara eskakizuna duten postuen kopurua gutxitu zuen 35 eskaintzatan, eskainitako lanpostuen %40k dute euskara baldintza gisa. Euskara ez delako, de facto, baldintza (Galizian eta Katalunian ez bezala). EAEko sektore publikoa euskalduntzeko dekretuaren arabera, herri bakoitzean erroldatutako euskaldun eta ia euskaldunen araberakoa da bertako udaleko lanpostu publikoen hizkuntza eskakizunen kopurua. Proportzionala da, alegia. Baina, hara non lege hutsune bat, ordenantza horrek ez du zehazten gehienez ala gutxienez ezarri beharreko zenbakia den hori. Txorpretxa.
Iparra guztiz galduta gabiltzala ikusita, Martxelo Otamendik iritzi artikulu bat idatzi behar izan du. Eskerrak. Hari egingo diot erreferentzia, bere gerizpean beti dagoelako arrazoiaren partzelatxo bat, halako solemnitate bat. Bere hitzetan, bakoitzak bere lana egin behar du, erakunde publikoek ezin dute aurrez amore eman. Izan ere, ezin dugu espero kasuan kasuko epaileak Espainiako Konstituzioko artikuluak argumentu gisa ez erabiltzea. Erabili baditzake, erabiliko ditu. Espero dezakeguna da euskara babestuko duen dekretu dezente bat, zirrikiturik gabekoa, norbere interesen arabera erabiltzea ekiditen duena, euskara baldintza duena, euskara eta euskaldunok babesten gaituena. Erabili genezake umorea defentsa mekanismo moduan, baina, aukeran, nahiago dut euskararen eta euskal hiztunen eskubideak behar bezala defendatuko dituen dekretu bat.