Errebantxarako aukera du Realeko belar hockey taldeak
Txuri-urdinak Junior taldearen kontra ariko dira etzi ligan (13:00). Kopako porrota gogoan izango dute.

Erritmoari eustea ez da batere erraza belar hockey ligan, baina horretara ohitu da Reala. Azken garaipena gogoan, errebantxarako aukera polita dute etzi, Juniorren zelaian (13:00). Espainiako Kopan neurtu zituzten indarrak azkeneko aldiz, hirugarren eta laugarren posturako lehian. Penaltietan erabaki zen, eta kataluniarrak gailendu ziren. Arauzko denbora, berriz, berdinduta bukatu zuten. Beraz, horri eutsi eta etxetik kanpo garaipen on bat lortzen saiatuko dira txuri-urdinak.
Eskubaloian, Bera Berak beste garaipen bat kateatu nahi du Granollersen pistan (bihar, 18:00). Oso garrantzitsua izan zen herenegun Atletico Guardes liderra mendean hartzea, Gaska kiroldegian (27-21). Sailkapeneko hirugarren postua ziurtatu zuten donostiarrek, eta titulurako kanporaketei begira sasoiko daudela erakutsi dute. Liga erregularreko azken neurketa maiatzaren 3an jokatuko dute Gaskan, Errioxaren kontra.
Futbolean, Realeko neskek berdinketen zama gainetik kentzeko partida jokatuko dute etzi, Zubietan (16:00). Valentzia azken sailkatua izango dute aurrez aurre, eta hiru puntuak lortzeko erasoan bai ala bai asmatu beharko dute. Mirari Uria azpeitiarraren kontratua berritu ondoren, eta klubak baieztatu ez duen Amaiur Sarriegi donostiarraren agurraren atarian, garaipen batek egoera nabarmen arindu dezake.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek garaipenen bolada paregabeari eutsi nahi dio. Bosgarrena jarraian irabazteko aukera dute etzi, Illunben (12:30). ACB ligara zuzenean igo berri den Burgos hartuko dute, eta ospakizunak lehenesten badituzte bisitariek, baliteke donostiarrek ezustekoa ematea. Hain zuzen ere, goi mailara igotzeko kanporaketak jokatzea dute helburu, eta azken lorpenekin eskura dute.
PARTIDAK
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 17. jardunaldia
- Junior – Reala (etzi, igandea, 13:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 25. jardunaldia
- Granollers – Bera Bera (bihar, larunbata, 18:00)
Futbola
Emakumezkoen liga, 27. jardunaldia
- Reala – Valentzia (etzi, igandea, 16:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 32. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Burgos (etzi, igandea, 12:30)