Hondakin organikoetatik ateratako biomaterialak
Artea eta zientzia lotzen dituen Organic.Studiok zortzi hilabete daramatza hiriko lau ostalaritza establezimenduetako zenbait hondakin biomaterial bihurtzen. Estudioa eta proiektua hobe ezagutu nahi dutenek gaur arratsaldean dute hura bisitatzeko aukera.

Kanpotik begiratuta, ez da erraza Organic.Studio zer den asmatzea; barrura sartuta, aldiz, zaila dena hitz gutxitan definitzea da. Saiakera egitekotan, Egia kaleko lokala sortze laborategia eta akademia artistikoa da. Paula Franco Hernaniren (Usurbil, 2000) egitasmoa, ordea, hori baino gehiago ere bada. Artea, zientzia eta iraunkortasuna batu eta lantzen dituzte bai estudioan bai laborategian, hondakin organikoak material iraunkor bilakatuz. Sakonago ezagutu nahi dutenek gaur dute aukera, 18:00etatik 23:00etara bitartean.
Iazko uztailaren 26an ateak zabaldu zituen Organic.Studiok. Artea eta zientzia modu sortzailean jorratzen dituzten haur tailerrak eskaintzen ditu eta biodiseinuari buruzkoak helduentzat. Francok ikerkuntzari ere tartea egin nahi zion eta horretarako aukera KSI Berritzaile+ diru laguntzak eman zion. Hala abiatu zuen Hondakina Baliabide proiektua, ostalaritzako hondakin organikoak lehengai bilakatzea xede duena.
Irailean abiatutako proba pilotuan hiriko lau ostalaritza establezimenduk parte hartu dute: Dabadabak lima azalak ematen dizkie; Itsaspe jatetxeak, arrautza oskolak; Mapendak, berriz, ibiskoa; eta Lurka txokolategiak, kakao azala eta lerma. Arduradunak kontatu duenez, erraza izan zen hornitzaileak topatzea: bideo bat zabaldu zuen sare sozialen bidez eta erantzun «asko» jaso zituen; haiekin harremanetan jarri, eta aipatu lauekin adostu zuen lankidetza. Bilketa, azterketa eta berrerabiltze zirkuitu bat ezarri dute, eta horren emaitza, hondakin banku bat da, «trazabilitate eta erabilera errealarekin».
Erabilerak aztertu
Lehengai bilakatzeko prozesua hondakin motaren arabera aldatzen bada ere, lehenik, garbitu eta desinfektatu egiten dute, ondoren, deshidratatu eta xehatu, jarraian, gelifikatzaile organikoekin kozinatu, eta azkenik, lehortu. Lortutakoarekin materioteka esperimental bat eratu dute: bioplastikoak, 3D inprimatzeko orea, pigmentu naturalak, material elastikoak, poliestilenoaren antzeko apar modukoa… ditu. Hondakin mota bakoitzak bere ezaugarriak dituenez, erabilera egokitu egiten dute, eta hala ere, biomaterialen gaineko kontrola izatea «zaila» dela dio Francok, haien kolorea edo tamaina egun batetik bestera alda baitaiteke.
Oraindik ez dakite zer produktu egingo dituzten horiekin. «Mundu berri bat» da eta erreferentzia gutxi dituzte. Hein batean, gaurko ekitaldia material horiek ezagutarazi eta jendeak zer nahi edo behar dituen ikusteko baliatuko dute. Ostalariek ideiaren bat eman diete, eta materialak ikustean harritu egiten direla dio arduradunak. «Ez dute imajinatzen beraiek egunero botatzen duten hori material edo diseinu bilaka daitezkeenik. Txundituta gelditzen dira. Eta interesatuta». Haiei bueltatzea litzateke «interesgarriena» Francorentzat, eta uste du erabilera bakarreko plastikoak ordezteko aukera izan daitezkeela. Esaterako, pintxo-potean plater asko erabili ohi denez, patata fekularekin egindakoak ekoiztea bururatu zaie; «arazoa da ekoizpen handi hori egiteko tresneriarik ez dugula» . Oraingoz, bitxigintza tailerretan erabiltzen dituzte, loreontziak edo bitxiak egiteko.
Bestelako Artea
Orain arteko lan esperimentalaren berri eman eta gunea ezagutarazteaz gain, gaurko ekitaldia gogoetarako tartea izatea ere nahi dute. Batetik, hurrengo pausoei buruz. Orain ez dute indarrik ez lekurik ostalari gehiagorekin aritzeko, baina beste ideia batzuk atera eta sinergiak era daitezkeela uste du arduradunak. Bestetik, bizitzeko eta kontsumitzeko moduei buruz. «Donostian gastronomia eta pintxoaren kultura zutabeetako bat da, horrek hondakin organiko pila eratzen du egunero. Horiek berreskuratzea eta eraldatzea egungo eredua aldatzeko aukera bat da», baieztatu du Francok eta horretan erreferentzia bat izan nahi du Organic.Studiok, «ostalaritzak eta herritarrek gertutik ezagut ditzaten hondakinak lantzeko modu berriak, berrikuntza, kontzientzia ekologikoa eta sorkuntza artistikotik».
Dabadabak lima azalak ematen dizkie, Itsaspe jatetxeak, arrautza oskolak; Mapendak, ibiskoa eta Lurka txokolategiak, kakao azala eta lerma
Egiten ari direna eta atzean dagoen diziplina anitzeko taldea ezagutarazi nahi dute. Sortzaileaz gain, Maria Galan arkitekto eta biodeiseinatzailea, Paula V. Aristizabal biomaterial eta 3D modeloetan doktorea, Sergio Martinez argazkilaria, Nico Kirzner biologo eta zientzialari gastronomikoa eta Irati Diez dibulgatzailea. «Oso polita da ikustea diziplina desberdinetako jendeak badugula elkartzen gaituen hari bat: guztioi gustatzen zaigu diseinua eta emaitza politak lortzen ari gara».
Francok Arte Ederrak ikasi zituen Madrilen eta Bartzelonan, eta gradu amaierako lanean material berriak eta etorkizuneko diziplinak jorratu zituen. «Konturatu nintzen gehien interesatzen zitzaidana material desberdinekin sortzea zela». Bere lehen materiala zelulosa bakterianoa izan zen, azaldu duenez, hartzigarri batetik lortzen den bakteria hazi, eta ehun antzeko bat sortzen du. «Horrekin txundituta gelditu nintzen eta gehiago ikertzen hasi nintzen biomaterialei buruz, material organikoak, biodegradagarriak… Konturatu nintzen artea eta zientzia uztartzeko modu bat zela». Hala, Bilbon, Basque Biodesign Centerren Biodiseinu graduondokoa egin zuen —egun, bertako programa batean instruktorea da—, eta hortik aurrerakoa «esplorazioa eta esperimentazioa» izan da. Bide horretan mugarri bat da Organic.Studio, orain arte egindakoaren emaitza, baina baita abiapuntua ere. Artea «gauza asko» baitira berarentzat.