«Nire bizitzaren erroa musika da, eta musikaz inguratuta bizi naiz»
Loiolakoa bada ere, Egiakoa dela uste dute askok, berak ere batzuetan. Egiako bigarren gaztetxean buru-belarri ibili zen, eta auzo bereko Ttan Ttakun irrati libreko kide eta esatari gisa hamarkadak daramatza. Orain, ordea, Asier Mendizabal 'Nokono' (Loiola, 1973) kantautore gisa ari da han eta hemen, eta oso gustura dabil.

Zergatik aukeratu duzu Aldazabal taberna?
Ez naiz oso taberna zalea. Duela 30 urte inguru alkohola edateari utzi nionetik, ez naiz tabernetan ibiltzen. Horrela ere, Aldazabal moduko taberna atseginak gustuko ditut, eta hau, musika ona jartzen dutelako. Tabernaren jabea musikazalea da, eta askotarikoa da entzun daitekeen musika. Gainera, nire auzoan dago, eta horrek ere puntu berezia ematen dio leku honi. Bestalde, parrandarako eta dantza egiteko taberna batzuk ere gustatzen zaizkit.
Musikari gisa aurkeztu duzun ‘Egia da’ abestiaren bideoklipean ez da agertzen. Zergatik?
Eta zergatik agertu behar da [barrez]? Bideoklipa nahiko oinarrizkoa da, eta letraren bidez aipatzen diren lekuak erakutsi ditut. Donostiako toki batzuk aukeratu ditut, kantaren bidez esaten ditudan gauzekin lotzeko.
Taberna bakar bat ere ez da agertzen.
Noski, tabernei ez diedalako erreferentziarik egiten. Beraz, ez dira agertzen.
Eta zer da egia eta zer gezurra?
Egia da nik esaten dudan guztia, eta gezurra da kontrakoa [barrez]. Abestian bi aldeak kontrajartzen ditut. Egia absolutua bakoitzak izango du, eta definitzea zaila da. Azken batean, errealitatean gertatzen dena eta ikusten duzuna da egia. Aldiz, gezurra zen den argiagoa da. Egia subjektiboa izan daiteke, baina gezurra ez dakit izan daitekeen. Gezurra nabarmenagoa da. Hain zuen ere, gezurrei erreparatu diet abestian. Egia da izenburua aukeratu arren, gezurrez ari naiz. Bistan da hitz jokoak gustuko ditudala.
«Hiru urteotan 70 bat kontzertu eman ditut, eta guztiak espazio txikitan. Batez ere, gaztetxeetan eta tabernetan»
Aipaturiko bideoklipa egin duzun lehena da, eta abestia ‘Pozarren’ bigarren diskokoa. Jorratzen duzuna beste era batera erakutsi nahi izan duzu?
Musikazale amorratua naiz. Nire bizitzaren erroa musika da, eta musikaz inguratuta bizi naiz. Ordea, duela hiru bat urte hasi nintzen musika sortzen, pandemia garaian. Soroko lore eder lirainena lehen diskoa 2022an kaleratu nuen, eta Pozarren bigarren diskoa iazko urrian. Nik ez dakit nolakoa izango den nire kantautore ibilbidea, soilik kontzertuak ematea da nire nahia. Sortzea eta jotzea da nire aurreikuspena, ordena horretan. Diskoak argitaratu ditut kontzertuak lortzeko, nire musikagintza nolakoa den erakustearekin batera. Bideoklipa ere helburu bera lortzeko sortu dut, naizena erakutsi eta zuzenekoak lortzeko. Hau da, promoziorako. Hori bezain sinplea da.
Abestien musika eta letrak zureak dira, eta bideoklipa ere zuk zeuk egin duzu.
Nire kabuz egitea erabaki nuen. Valentziako Euskal Etxean kontzertua jo nuenean, bideogintzako profesional batzuek emanaldi osoa grabatu zuten. Haiekin hitz egin nuen bideo edizioaz, eta esan nien Linux sistema eragilea nuela. Kdenlive programa librea gomendatu zidaten, eta harekin osatu dut bideoklipa. Irudiak lagun batekin grabatu nituen, eta muntatzeaz ni arduratu naiz. Egia esan, asko gustatu zait esperientzia, eta bideogintzan murgiltzeko gogoa piztu zait.
Kantautore gisa zenbat kontzertu eskaini dituzu?
Hiru urteotan 70 bat kontzertu eman ditut, eta guztiak espazio txikietan. Batez ere, gaztetxeetan eta tabernetan. Begira, gehienak tabernetan izan dira, 50 inguru. Dena dela, aitortu behar dut ez dudala uste musikagintzan urte asko emango ditudanik. Ni oso harro nago egiten dudanarekin. Badakit ez naizela musikari ona, ez naizela abeslari ona eta ez naizela kanta idazle bikaina. Ordea, hirurak batuta zerbait txukuna lortzen dudala iruditzen zait.
Aldazabalen aritu zara?
Barruan ez, baina festetan kanpoan jarri ohi duten oholtzan pare bat aldiz kantatu dut. Hori bai, gustatuko litzaidake taberna barruan ere jotzea, leku aproposa delako gitarra soil batekin kantatzeko.
Kantautorea baino ezagunagoa zara Egiako Ttan Ttakun irrati libreko esatari eta DJ gisa?
Esatari moduan baliteke, nahiz eta irratia izanik, askok nire ahotsari aurpegirik ez dioten jartzen. Dakitenek eta lagunek bai, noski. DJ gisa, berriz, ez dut sekula izan musika jartzailea izateko asmorik. Jotzeko badut irrika, gogoa eta beharra. Aldiz, DJ moduan ez naiz mugitu emanaldiak lortzeko. Deitu izan didatenetan aritu naiz, besterik ez. Kontua da azken hogei urteotan hainbat lekutan egon naizela musika jartzen. Orain, urtean bi edo hiru saio izaten ditut, eta ezizena ere aldatu dut. Nokono da nire ezizena, eta DJ Nokono aritu izan naiz. Bakarlari moduan ere Nokono izena aukeratu nuenez, hemendik aurrera DJ Ttanttapunk ezizenarekin ariko naiz.
Hain zuzen ere, ‘Ttanttapunk’ da zure irratsaio klasikoa, eta irrati libreen sarean dagoen zaharrenetakoa?
Baliteke, bai. Oker ez banago 1998an hasi nintzen irratsaioarekin, baina orduan beste izen bat zuen, eratorria zena. Izan ere, aurretik saio hori egiten zutenek utzi zuten, eta nik hartu nuen. Ordea, zeharo egokitu nuen nire gustuen arabera, eta 1999an Ttanttapunk izena jarri nion. Dagoeneko 27 urte daramatzat programarekin, eta, bai, baliteke zaharrenetakoa izatea. Gainera, asteartero egiten dut, 22:30etik 00:00etara.
Beste saio bat ere baduzu, ‘Eguerdiko Ahotsa’ magazina. Irutxuloko Hitzak presentzia nabarmena du, ezta?
Horrela da, bai, eta irratsaio honekin ere urteak daramatzat. Astearte, asteazken eta ostegunetan egiten dut 12:30etik 14:00etara. Irutxuloko Hitza egunkaria zenean, albisteak paperetik irakurtzen nituen. Orain, berriz, webgunetik. Betidanik izan da saioaren eduki garrantzitsuena, Donostiaren berri emateko aproposena delako.