Ordezkoaren dema hasi da
Realari kostako zaio Imanol Alguacil entrenatzailearen hutsunea betetzea. Halere, lehen hautagaien izenak azaleratu dira.

Agurtu orduko ongietorrietan pentsatzea tokatzen da, futbolean behintzat. Reala dagoeneko hasi da lanean Imanol Alguacil entrenatzailearen ordezkoa topatzeko. Oriotarrak atzo jakinarazi zion klubari ez duela jarraituko, eta, beraz, soilik bost partida falta dira Alguacilen agurrerako.
Datorren sasoira begira jarrita egongo ziren Jokin Aperribai presidentea eta bi kirol zuzendariak: Roberto Olabe eta Erik Bretos. Hain zuzen ere, beste agurretako bat kirol zuzendaritzan gertatuko da, Olabek ez duelako jarraituko, eta Bretosek beteko duelako bere lekua. Galtzak bete lan dituzte orain, entrenatzaile bila jartzearekin. Izan ere, nork hartuko du Alguacilen tokia?
Lehen hautagaien izenak azaleratu dira, kirol prentsan, noski. Kontratua duten bi entrenatzaile aipatu dira azken orduetan: Iñigo Perez (Rayo Vallecano) eta Miguel Angel Sanchez Michel (Girona). Talderik ez dutenen artetik, berriz, Julen Lopetegi seinalatu dute. Ingalaterrako West Ham taldea da zuzendu duen azkena, eta urtarrilean kendu zuten kargutik.
Dena dela, Alguacilekin egin antzera, etxeko entrenatzaileen aldeko apustua izan daiteke klubak har dezakeen erabakia. Sergio Francisco bigarren taldeko entrenatzaileari fokua ere jarri diote. Mikel Labaka lehen taldeko bigarren entrenatzailea ez da askorik aipatu, eta presidentearen desioa nabarmendu dute batzuek: Xabi Alonso. Bigarren taldea zuzendu eta bigarren mailara igo zuen. Ondoren, Alemaniako Bundesligara egin zuen jauzia Bayer Leverkusen taldearekin arrakasta lortzeraino. Ametsetik gehiago du haren itzulerak, errealitatetik baino.
Ikusteko dago Realak denboraldia bukatu aurretik lotuko duen entrenatzaile berria, edo udarako utziko dituen etxeko lanak. Hori bai, argi dago klubaren lehentasuna izango dela Alguacilen ordezkoa topatzea.