Realaren aulkian hirutan eseri zen entrenatzailea
40 urte bete dira John Benjamin Toshack galestarrak Realaren gidaritza hartu zuenetik. Hiru aro desberdinetan izan zen txuri-urdinen entrenatzailea: 1985-1989, 1991-1994 eta 2001-2002. Guztira, 386 partida zuzendu zituen.

Entrenatzaile gisa ezagunagoa den arren, John Benjamin Toshack-ek (Cardiff, Gales, 1949) hogei urteko kirol ibilbidea egin zuen futbol jokalari moduan. Horrela ezagutu zituen Donostia eta Atotxa, Ingalaterrako Liverpool taldeko jokalaria zenean, 1975ean. Hamar urte geroago itzuli zen, 1985ean, Realaren entrenatzaile kargua hartzeko. Ordutik 40 urte bete direnean, klub txuri-urdinak Toshack omenduko du laster Anoeta futbol zelaian, eta urrezko eta brillantezko intsignia emango diote. Galestarrak ez ezik, Realaren historiaren parte diren bost jokalarik jasoko dute oroigarria: Alberto Lopez, Agustin Aranzabal, Aitor Lopez Rekarte, Oscar De Paula eta Darko Kovacevic.
Realaren historiako entrenatzaile garrantzitsuenetako bat da Toshack. Talde txuri-urdina gehien zuzendu duten entrenatzaileen artean bigarrena da; guztira, 386 partida. Lehena, berriz, Benito Diaz donostiarra da, 391 neurketekin, eta, hirugarrena, Imanol Alguacil oriotarra, egungo entrenatzailea. Alberto Ormaetxea donostiarra sasoi honetan gainditu du. Aldiz, Toshack-ek baino partida gehiago zuzentzeko, lehenik eta behin kontratua berritu beharko du Alguacilek.
Estatistikez, zenbakiez eta lorpenez harago doa entrenatzaile galestarrak Donostian lorturiko miresmena eta errespetua. Haren historia propioa ere aipatzeko modukoa da. Ama galestarra eta aita eskoziarra zituen, eta lesio baten ondorioz bukatu zuen futbolean jokatzen. Izan ere, errugbian bidea egitear zenean, sorbaldan min hartu zuen. Futbolean, berriz, aurrelari gisa nabarmendu zen. Cardiff Boys, Cardiff City, Liverpool eta Swansea City taldeekin palmares esanguratsua lortu zuen. Esaterako, bina Europako Kopa eta UEFA Kopa.
Hiru garai, kopa bat
Toschack-ek jokalari eta entrenatzaile lanak uztartu zituen Swansea City taldearekin, eta horrek bultzatu zuen batetik besterako pausoa ematera. Lisboako Sportingen aritu zen aurreneko aldiz soilik entrenatzaile gisa, 1984-1985eko denboraldian. Ligan bigarren bukatuta, Realak begiz jo zuen galestarra. Horrela, 1985ean fitxatu egin zuten, eta 1989. urtera arte iraun zuen karguan. Hura izan zen Toshack-en lehen garai txuri-urdina. Era berean, esanguratsuena izan zen, Realak 1987ko Espainiako Kopa irabazi zuelako.
Real Madrilekin denboraldi bat egin ondoren, Donostiara itzuli zen 1990ean manager lanak betetzera, eta 1991n entrenatzaile postua hartu zuen. 1994. urtera arte iraun zuen bigarren garaiak. Hirugarren eta azken garaia, berriz, 2001-2002ko denboraldian izan zen; hiruetatik apalena. Beste hamaika talde zuzendu ondoren, 2018an hartu zuen erretiroa.