San Bartolomeko muinoa, kalapitatik itxaropenera
Udal gobernuak ezustean ezagutarazi zuen hilaren 11n San Bartolomeko muinoko eraikuntza proiektua bertan behera uzteko erabakia. Sorreratik polemikoa, zerk ordeztuko duen ikusteke, bai oposizioko taldeek bai herritarrek ontzat jo dute geldiaraztea.

Urtetako eztabaidaren ondoren, San Bartolome muinoan ez da ez merkataritza zentrorik ezta lurpeko aparkalekurik ere eraikiko. Hilaren 11n, presazko agerraldian, horixe jakinarazi zuen Eneko Goia alkateak; San Bartolome Muinoa sozietateko beste bazkideen akordioa lortzea faltan –%37a ordezkatzen du udalak, gainerakoa, Espainiako Poliziak eta zenbait eraikuntza enpresak—, eta azpiegitura horiek altxatzeko kontratua duen promotore pribatuarekin hura etetea adosteke. Halaber, bertan zer eraikiko duten aurrerago deliberatuko dutela ere adierazi zuen alkateak, izan ere, sozietateak defizit nabarmena du –12 milioi eurokoa– eta horri aurre egin ahal izateko, beste proiektu bat adostu beharko dute.
Hartutako erabakiaren ondorioak kudeatu beharko ditu udalak eta gunean zer egin erabaki. Udal gobernuko parte den talde sozialistako bozeramaile Ane Oiarbidek alkateak esandakoa babestu zuen, proiektua «zaharkituta» zegoela eta bizilagunen «egungo beharrei» erantzuten ez ziela nabarmenduz, eta ebazpenak muinoa «parametro errealistagoetatik eta iraunkorragoetatik birpentsatzearen aldeko apustuari erantzuten diola» zehaztuz.
Tertziarioa bai, komertziala ez
Aspaldikoa da San Bartolome birsortzeko asmoa, eta betidanik izan da polemikoa. Hiru udal gobernu eta alkate desberdinek izan dute esku artean: Odon Elorza sozialistak proposatu zuen eta bere udal gobernuak 2005eko azaroan eman zion hasierako onarpena. Oztopoak oztopo, 2010ean ekin zieten birgaitze lanei aurreikuspen honekin: 532 etxe berri eraikitzea eta 1.000 garaje plaza inguru. Ordutik, aldaketa ugari izan ditu hirigintza planak.
2014an, sozietateak kiebra jo ez zezan, Bilduren udal gobernuak hiru elementu aurreikusten zituen irtenbide bat proposatu zuen: hotela, Easo eta Lizarra kaleen arteko izkinan etxebizitzak, eta erabilera tertziarioko gune bat. Udalean zeuden alderdiek aho batez adostu zuten, eta proiektuaren garapenean erabaki zuten gune horretan merkataritza zentro bat eta aparkalekua egitea, eta Plan Orokorraren aldaketarekin onartu zuten. Goiak dio «jasotakoa kudeatu» duela; EH Bilduk, berriz, erabilera tertziarioa ematea proposatu zuela, erabilera gehiago ere aurreikusita, «bulegoak, gimnasioa…»; ez ordea, tertziario osoa komertziala izatea.
Albiste ona, baina…
Merkataritza zentroaren eta lurpeko aparkalekuaren proiektuak kontrako jarrera izan du jakinarazi zenetik. Horren aurka agertu dira auzotarrak, oposizioko alderdiak, elkarteak eta oraintsu, herri plataforma bat ere eratu dute. Ez da harritzekoa, beraz, hura gelditzeko asmoa, oro har, begi onez hartu izana. Oposizioko alderdi guztiek «albiste ontzat» jo badute ere, zalantzak eta kezkak ere adierazi dituzte. EH Bilduk, esaterako, ekonomikoak. «Ikusi beharko da zehazki zer suposatuko duten aurrerantzean irekiko diren negoziazioek Donostiarentzat». Bide beretik mintzatu zen udal talde popularreko bozeramaile Borja Corominas, ordaindu beharreko kalte ordainez, Goiak 2019an erabakia hartu izan balu «hori dena aurreztuko litzatekeela» gogoratuta. Hiriaren izen ona ere kaltetzea egotzi zion alkateari, eta bizilagunen presioari men egin izanak «poztu» arren, harrabotsa eragiten duten beste proiektu batzuekin, «IGE, kasu», zer egingo duen jakin nahi duela ere gehitu zuen.
Eta orain, zer?
Duela aste gutxi sortutako San Bartolome Herritarren Plataformako kideen ustez, erabakia «epaitegietan jarritako errekurtsoaren beldurrak eta alkatea jasaten ari den higadurak» eragin dute; eta etor daitekeenaren esperoan, bere alternatiba lantzen ari dira: gunea 4.000 metro koadroko hiri parke berezi gisa berreskuratzea. Horrekin bat egiten du Elkarrekin Donostiak, bere bozeramaile Victor Lasa plataformaren sustatzaileetako bat baita, eta espazio hori berreskuratzeko lanean jarraituko dutela berretsi du.
Bertako kide ere baden Erdian Bizi auzo elkarteak muinoaren iparraldeko hegalean «parke edo berdegune bat» egiteko proiektua babestuko duela baieztatu zuen, baita ingurunea «duintzeko eta berpizteko» plangintzan beren proposamenekin esku hartzen saiatuko dela ere. Amara Bai auzo elkarteak, berriz, 30 urteotan Amaran egin beharreko kultur eta kirol ekipamenduak aldarrikatu eta auzoan inbertsioak egiteko eskatu diote udalari.