Bera Bera oso indartsu iritsi da liga bukaerara
Donostiako eskubaloi taldeak Granollers gainditu eta hirugarren postua egonkortu du.

Partida bat, jardunaldi bat. Hori da falta dena emakumezkoen ohorezko mailaren fase erregularra bukatzeko. Asteburuan jokatu da azken aurrekoa, eta Bera Berak larunbatean Granollers hartu zuen mendean, kataluniarren kantxan (26-32). Ate aurrean asmatu, baina defentsan egindako lan apartari esker lortu zuten garaipena. Lucia Prades atezaina erabakigarria izan zen. Orokorrean, sasoi onean iritsi dira jokalariak ligako fase erregularraren bukaerara. Beraz, prest daude titulua eskuratzeko lehiari eusteko. Aurretik, ordea, 26. eta azken neurketa jokatu beharko dute maiatzaren 3an, Gaskan, Errioxaren kontra (19:00).
Belar hockeyan, kopan gertaturikoa errepikatu zen ligan. Reala ez zen gai izan Junior gainditzeko, haien zelaian (2-0). Txuri-urdinek joko maila ona erakutsi arren, detaileek balantza desorekatu zuten kataluniarren alde. Aukera ona zen sailkapenean postu bat irabazteko, baina zazpigarren tokian jarraitu beharko du Realak. Bost jardunaldi falta dira liga bukatzeko.
Futbolean, Realeko neskek sasoia bukatzea desio dutela dirudi. Atzo galdu egin zuen Valentzia azken sailkatuaren kontra, Zubietan (0-2). Sentsazioak ez ziren batere onak izan, ezintasuna islatzen duelako taldeak. Are gehiago, Nerea Eizagirre kapitainak penalti bat huts egin zuen. Pozgarriena Aiara Agirrezabala harrobiko jokalariaren debuta izan zen. Liga bukatzeko hiru neurketa falta direnean, txuri-urdinak sailkapeneko zazpigarren postuan daude 35 punturekin.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek gertu izan zuen garaipena Illunben, baina Burgos txapeldunen kontra amore eman behar izan zuten (81-84). ACB ligara igo berritan, bisitariak lasaiago etorriko zirela uste zutenek huts egin zuten. Hain zuzen ere, estu hartu zituzten donostiarrak, eta azken laurdenean nagusitzea lortu zuten. Horrela ere, Gipuzkoa Basketek bederatzigarren tokian jarraitzen du, bi jardunaldiren faltan.
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 25. jardunaldia
- Granollers 26 – Bera Bera 32
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 17. jardunaldia
- Junior 2 – Reala 0
Futbola
Emakumezkoen liga, 27. jardunaldia
- Reala 0 – Valentzia 2
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 32. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 81 – Burgos 84