Elke Karstenek Bera Beran jarraituko du
Argentinarra da Donostiako eskubaloi taldearen denboraldiko golegile nagusia.

Bera Bera eskubaloi taldeak jakinarazi duenez, Elke Karsten jokalariak urtebeterako berritu du kontratua. “Pozik nago beste urtebetez jarraitzeagatik”, adierazi du argentinarrak. Horrela, Karstenek seigarren denboraldia beteko du Donostiako taldearekin. Bera Beraren denboraldiko golegile nagusia da, 156 golekin.
“Asko gustatzen zaidan eta egon nahi dudan lekua da. Dena ematea eskatzen duen kluba da, eta zergatik ez, baita irabazlea ere. Erronka polita da nire ibilbidearekin jarraitzeko”, nabarmendu du argentinarrak.
Datorren sasoiari begira, Bera Beraren erronka “berriz ere Europan jokatzea eta jendearen babesa izatea” dela esan du argentinarrak.