Nitrogeno dioxido kutsadurak legezko muga gainditzen du Ategorrietako zenbait eremutan
Dozena bat gailu jarri dituzte bederatzi ikastetxe inguruetan, 2030etik aurrera muga izango den metro kubikoko 20 mikrogramo baino gehiago neurtu dituzte guztietan.

EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeek Ekologistak Martxan talde ekologistarekin elkarlanean, agerraldia egin dute eguerdian udaletxean. Bertan, Airearen kalitatea eskola inguruneetan 2025 txostena aurkeztu dute. Bertan, sei autonomia erkidegotako, bederatzi probintziatako, hamalau hirigunetako 174 hezkuntza inguruetan, osasun zentroetan eta espazio publikoetan nitrogeno dioxidoa (NO2) neurtu duen herritarren zientzia kanpaina baten emaitzak jaso dituzte. Besteak beste, Donostian, Ategorrieta eremuan, jaso dituzte laginak.
Lanaren garrantziaren gainean mintzatu da Ekologistak Martxaneko kide Kepa Olaiz, nitrogeno dioxidoaren (NO2) eraginei helduta. “Narritasun ugari ditu gorputzean, arnas bideetan, biriketan, askotan kronikoak bihurtzen direnak denbora eta esposizio mailaren arabera”. Kutsadurak eskola adineko gazteei eragiten die bereziki, ezaugarri fisikoak eta garapena direla eta, egunean helduek baino askoz gehiagotan hartzen dute arnasa, beraz, kutsatzaile gehiago hartzen dituzte. Horregatik, “inportantea da hori barneratzea eta horren aurka ahalik eta neurri zorrotzenak hartzea”. 2021etik estatuan Ecologistas en Accionek aurrera daraman azterketan du sorburua, 174 hezkuntza ingurutan. Bilbon, Barakaldon, Tuteran eta Donostian egin dute. Garbiñe Angulo Ekologistak Martxan eta Sagarra kolektiboko kideak metodologiari buruzko zenbait zertzelada eman ditu.
Osasuna ez kaltetzeko, OMEk gomendatzen du metro kubikoko 10 mikrogramo NO2 ez gainditzea. “Pasatzen dugu, eta askogatik, neurtu dugun leku guztietan”. Hamabi puntutan neurtu dute. Bigarren muga, 20, iaz Europako Batasuneko Kontseiluak ezarritakoa, OMEren bikoitza; baina, era berean, indarrean dagoen legeak onartzen duen 40tik. “Osasunarentzat kaltegarria ez zena, orain bada”.
IGEa zabaldu
Dozena bat neurgailu pasibo jarri zituzten Ategorrieta eremuan, bederatzi eskola inguruetan, urtarrilaren 15etik otsailaren 5era bitartean. Gune hori aukeratu zuten iruditzen baitzaie “arteria inportantea dela mugikortasun motorizatua indar handia du gune horretan eta bestetik eskola asko daude ingurune horretan. Jende gazte pila bat bere gorputza garatzen ari dena, eta datuek diote kutsadurak gazteengan eragin larriagoa duela”. Argazkia hau da: 4.500 bat ikasle dituzten bederatzi ikastetxe ingurutan neurketak egin dituzte —The English School, La Asuncion, Zurriola Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza, Zuhaizti Ategorrieta, Zuhaizti Berri, Zuhaizti Presentacion de Maria, EMP Ategorrieta, Jesuitak– eta 40ko legezko muga gainditzen dute Mirakruz gaineko hirutan: The English School, La Asuncion eta Zurriola Haur Hezkuntzan. Guztira, %56ak 30ekoa gainditzen du, eta denak 2030ean muga izango den 20tik gora daude.
Hiru hodi Ategorrietan dagoen neurgailu ofizialean jarri dituzte, neurketak homologagarriak direla ziurtatzeko eta zenbateko aldea dagoen ikusteko, “0,8-0,9koa da aldea”. “Erradiografia nahiko gordina da. Birpentsatu egin behar da eta birkokatu, bai udala bai ikastetxeak, inguruan gertatzen ari dena ezagutu eta neurriak hartu beharko lirateke”, zehaztu du Olaizek. Bestalde, nabarmendu dutenez, zenbait neurgailu ez daude leku egokietan jarrita. “Legeak dio leku esanguratsuetan egon behar dutela”, zehaztu du taldeko kide Fran Garciak.
Bestalde, Isuri Gutxiko Eremutik (IGE) kanpo dauden Ibaeta eta Aiete inguruan ere antzeko egoera gerta daitekeela uste dute, han ikastetxe asko, ikasle asko eta ibilgailu asko baitabiltza, eskola sarrera eta irteera orduetan. Horregatik, udalari eskatu diote egungo IGEa Ategorrietara zabaltzea edo IGE berriak jartzea, “pertsonen osasuna hobetzeko”. Ibilgailu kopurua murriztea beharrezkoa dela gogoratu du, ez ibilgailu iraunkorragoetara aldatzea besterik, baita bestelako mugikortasun eredu baten alde egin ere. Horrez gain, proposatu dute ikastetxeetako kale batzuetan trafikoa lasaitzeko neurriak hartzea eta eremu osoa antolatzea oinez eta bizikletan ibiltzea modurik erosoena eta seguruena izan dadin ikastetxeetara iristeko.
Neurriak hartzeko eskaera
Elkarrekin Donostiako Victor Lasak adierazi du datuek berretsi egiten dutela aspaldiko susmo bat eta aurreratu asteazkeneko udalbatzarako urgentziazko galdera bat erregistratu duela udal gobernuari azalpenak eskatzeko. Baita Mugikortasun kontseilua ere premiaz deitzeko eskatuko duela ere.
Era berean, Lasak ohartarazi du udal gobernuak behar adinako irmotasunez jokatu ezean eta eskaeren emaitzarik ez badute, “tamalez, hori da espero duguna”, eskumenak dituzten erakunde guztietara joko dutela gertatutakoa salatzeko eta irtenbideak eskatzeko: Eusko Jaurlaritzara, Arartekora “beharrezkoa bada”, Espainiako Osasun, Trantsizio Ekologiko edota Hezkuntza ministerioetara, eta azkenik, Europako Batasunera edo OMEra, “uste baitugu egoera oso larria dela”.