San Bartolome Herri Plataformak hitzetatik egintzetara pasatzeko eskatu dio alkateari
Hilaren 11n hartutako erabakiari lotutako urratsak egitea nahi dute, juridikoki aparkalekuaren eta merkataritza gunearen proiektua ezabatuz.

San Bartolome Herri Plataformako kideek agerraldia egin dute goizean udaletxean hilaren 11n Eneko Goia alkateak San Bartolome muinoan egitekoak ziren merkataritza gune eta aparkaleku proiektua bertan behera uzteko erabakiari erantzuteko. Albiste “ona” bada ere, “tentuz” hartu dute, oraingoz hitzak ez baitira ekintzetan egikaritu.
Elkarrekin Donostiako Victor Lasak hartu du hitza lehenik. Adierazi du “bitxia” iruditu zitzaiola prentsaurrekoaren aurretik alkateak bozeramaileak erabakiaren berri emateko bildu zituenerako, Erdialdeko bizilagunek buzoietan horri lotutako esku orriak edukitzea eta kaleetan kartelak egotea. Haietan, EAJk “beretzat hartu du proiektuarekin amaitzeko meritua” eta “eskerrak ematen dizkio Goiari”. “Lotsagabekeria da”, izan ere, “gobernu honek, bai EAJk bai PSEk su eta gar defendatu dute agintean daudenetik”, eta behin eta berriro esan diete aurrera eramango zutela, “beharrezkoa zelako hiriarentzako eta San Bartolome Muinoa elkartearen kontuak koadratzeko. Dena, gezurra”, gogoratu du Lasak. Hortaz, alkatearen erabakiak “zerikusi gutxi du herritarrak entzun izanarekin”, bere ustez, arrazoia “lege errekurtsoei eta iritzi publikoan izan dezakeen eraginari beldurra” dira.
Aurreratu du asteazkeneko udalbatzarrean urgentziazko galdera bat erregistratu dutela egoera zein den eta emango dituzten pausoak argitzeko. “Orain arte ukatu egin dizkigute San Bartolome Muinoa elkartearen kontuak eta lursailaren salerosketa kontratua New San Bartolomerekin. Hortaz, ez dakigu udala zein egoeratan dagoen”. Kontra bozkatuz gero, maiatzeko batzordeetan eskatuko dituzte azalpenak eta auditatzen jarraituko dute, kontratuak etenez gero, ahalik eta baldintza onenean izan dadin.
Ezarritako erabakia
Odon Elorza alkate ohiaren esanetan, Goiaren erabaki “ustekabeko eta susmagaitzak” berarekin dakartza hiru arazo: gardentasun falta, pertsona bakarrarena izatea, eta elkarrizketatik ez sortua izatea. Are gehiago, “batzoki batean hartu da eta hona emana iritsi da, ezarria”, baieztatu du Elorzak.
Gardentasun faltari helduta, alkateak eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak proiektu osoaren oreka ekonomikoa mantentzeko pieza hori “gakoa” dela errepikatu dute askotan, eta Elorzari eta bere udal taldeari egotzi izan diote batez besteko gutxi gorabeherako salneurria metro koadroko 9.000 euroan ezarri izana. “Gezur horretan babestu dira urtetan. Gezur horretatik abiatu ziren Goia eta Izagirre jaunak gero egin zutena justifikatzeko: 2015eko Plan Orokorraren moldaketa zenbait emakida eginez eraikuntza enpresei, besteak beste, hau”. Eta zenbait galdera planteatu ditu: “Egin ezean oreka ekonomiko-finantzieroa apurtuko bazen, zer du orain esateko? Zer du esateko San Bartolomeko esku hartzearengatik udalak jasotako 32 milioi euroez? Zergatik inork ez du ezer esaten? Zergatik ez dago hori eztabaida publikoan? Zergatik ez dugu aurrekontratua ezagutzen?”. Eta deliberatzeko moduari helduta, erabakiak ea zergatik ez duen erabakia udal gobernua edo plenoak hartu: “Non dago udal demokrazia? Eta partaidetza?”.
Hori horrela, hitzak egintza bilakatzea nahi dute. “Atzera bueltarik nahi ez dugunez, ez garenez fio, pauso zehatzak eta eztabaidaezinak nahi ditugu udalaren eta San Bartolome Muinoa elkartearen aldetik: Akordioaren desegitea gauzatu, eragiketa bertan behera utzi, eta magalaren berreskuratzea parke publiko gisa”. Zentzu horretan, martxoaren 3an jarritako errekurtsoari eutsiko diote erabaki zehatzen zain. Era berean, Dendarteanek 2023ko Plan Bereziaren aurka aurkeztutako helegiteak —zazpi-zortzi ilegaltasun jasotzen zituen— oraindik ebazpenik ez dutela ere nabarmendu dute. Plataformako kideek “harrigarria” deritzote EAEko Auzitegi Nagusiak erabakirik eman ez izanari.
Bertan zer egin erabaki zain, lursail horiek egun San Bartolome Muinoaren elkartearenak dira, Jorge Letamendia plataformako kide eta Elorzaren garaiko Hirigintza zinegotzi ohiak zehaztu moduan, elkarteari eman baitzizkioten udalak, estatuko administrazioak eta hiru promotore pribatuk. Aurrerantzean, udalak promotore pribatuekin egin dituen akordioak aztertuko dituzte, parkea egiteaz gain, “udalaren eskubideen balio patrimonialak” ere kezkatzen baititu, “susmoa” baitute udalak ez duela “behar besteko zorroztasunarekin babestu promotore pribatuei dagokienean”.
Parte hartze prozesua
Bizilagunen ikuspegitik, Elena Martinez de Murgiak zehaztu du “Erdialdea auzo bat dela, gainerakoen moduan”, luxuzko gunea bada ere, azpiegitura gutxien dituen auzoa da: “Etxe politak, zerga garestiak ordaintzen ditugu, baina zerbitzurik ez dugu”. Erdian Bizi elkarteko Blanca Zaraguetan berretsi du urratsak egitea nahi dutela juridikoki merkataritza gunearen eta aparkalekuaren proiektua desager dadin.
Halaber, gunea parke publikoa bilatzeko proiektua partaidetza prozesu baten bidez gauzatzea nahi dute, Arabako parkea edo Bidebietako parkearekin egin zuten moduan. “Udalak hori kontuan hartzea nahiko genuke. Albiste pozgarria izan da herritarron ahotsa entzun delako, eta hori da nahi duguna, gure udalean toki bat edukitzea eta benetako partaidetza”, laburbildu du Zaraguetak.