Derbiaren atarian jasoko dute urrezko eta brillantezko intsignia
Igandean, maiatzaren 4an, Realak Alberto Lopez, Agustin Aranzabal, Aitor Lopez Rekarte eta Oscar de Paula jokalariak omenduko ditu.

Denboraldi bukaera gazi-gozoa izaten ari da Realarentzat eta realzaleentzat. Horrela ere, baikortasunez begiratzen dio klubak datorrenari. Hain zuzen ere, Realak eta Athleticek euskal derbia jokatuko dute igandean, maiatzaren 4an, Anoetan (21:00).
Partida hasi aurretik, kamiseta txuri-urdinarekin historia egindako lau jokalari omenduko dituzte: Alberto Lopez, Agustin Aranzabal, Aitor Lopez Rekarte eta Oscar de Paula. Lauek jasoko dute klubaren urrezko eta brillantezko intsignia.
“Hamarkada bat baino gehiago lehen taldean, zorion une asko oparitu zizkiguten eta gure historiako kapitulurik zirraragarrienetako bat, oso egoera zailetatik altxatu ziren eta Reala zer den eta beti zer izango den adibide gisa jarri zuten”, adierazi du Realak. Hain zuzen ere, lauekin hitz egin dute, eta beraien adierazpenak bideo batean jaso dituzte.