«Gazteek despedidak ospatzen dituzten moduan, guk hemen jarraitzen dugula ospatuko dugu»

“Bruce Springsteen gizajoak ez zuen gure kontzertuaren berri”, bota du umorez Antton Valverdek, gaurko prentsaurrekoan. Ekainaren 21a, musikaren eguna izanik, Adarra Saria banatzeko eguna bihurtu da, euskal kantagintzaren ibilbidea goraipatzen duen saria, alegia. Aurten, merezimendu osoz, Antton Valverde donostiarrak jasoko du. Eta bera, pozik: “Maitatua sentitzen naiz. Eta horrek poztutzen nau”.
1960ko eta 1970eko hamarkadetan izan diren ziren izen handien alboan izan da Valverde. Ez Dok Amairun aritu ez bazen ere, Xabier Leterekin egin zuen bidearen zati handi bat. Pianoa sartu zuen euskal kantugintzan, “berritasun” gisa: “Zergatik tardatu zuen horrenbeste pianoak sartzen? Xabier Lete eta bioi okurritu zitzaigun, eta gerora orokortu egin da”.
Kantuan “berandu xamar” hasi zela onartu arren —27 urte inguru zituen—, pianoa 6 urte zituenetik jotzen zuenez, azkar nabarmendu zen musikari gisa Valverde, disko txiki eta luze ugari argitaratuz. 1969an, Herri Gogoarekin argitaratu zuen Antton Valverde, eta, ordutik, dozenatik gora estudioko lan argitaratu ditu, tartean Bertso Zaharrak (1974), Antton Valverde (1975), Txirritaren bertsoak (1976), Lauaxeta (1975) eta Euskal kanta berria (1979) ezagunenak.
Joxan Goikoetxea akordeoi jole eta lagunak azaldu du “sasoiko” dagoela Valverde: “Aurrekoan, Bach jotzen jarri zen kontzertu aurretik. Eta konturatu zenean denok geundela hari begira, irri egin eta bota zigun: forman nago, e”. Umore on hortaz gain, Goikoetxearentzat garrantzitsua da Valverderen “berrikuntza” sena: “Kontzertu bakoitzean poema berri bat ekartzen du”. Horregatik, ekainaren 21ean egingo duten kontzertua berezia izango da, baina “esperimentazio handirik gabe”: “Betikoa, baina ondo egina”. Atzera begirakoa egingo duten arren, egongo da berritasunik: “Gazteek despedidak ospatzen dituzten moduan, guk hemen jarraitzen dugula ospatuko dugu”.
Sarrerak, bihar salgai
Valverdek ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, 19:30ean,Viktoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik, eta segidan kontzertu eskainiko du Francisco Herrero (biolina), Ivan Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garces (kontrabaxua) musikariez lagunduta.Kontzerturako sarrerak asteazkenean, apirilak 30, jarriko dira salgai, 20 eurotan,Viktoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak, Joseba Tapiak eta Zea Mays eta Errobi taldeek jaso dute Adarra Saria.