Iker Laurobak 'Izorrai' single dantzagarria erakutsi du

“Lanetik bota zaituzte? Bikoteak ez zaitu maite? Bizikleta lapurtu dizute?”, galderei eman beharreko erantzuna du Iker Lauroba musikari donostiarrak. Izorrai abesti berri eta dantzagarria plazaratu du, iazko ekainean aurkeztu zuen Ke bonba singlearen ildokoa. Izan ere, funk eta disco doinuak ditu oinarri kanta berriak ere. Baita umorea ere.
Laurobak ahotsa, gitarra eta sintetizadoreak jarri ditu, eta beste bi musikariren laguntza izan du singlea osatzeko: David Gorospe (bateria) eta Julen Barandiaran (baxua). Grabaketaz donostiarra bera arduratu da, baina nahasketa eta masterizazioa Josu Ervitik egin ditu haren estudioan. Bideoklipa, berriz, Iñaki Gereñuk (Igora Films) zuzendu du, eta agertzen diren aktoreak dira Luis Ezeizabarrena, Idoia Carrera, Julen Barandiaran, Maialen Markez eta Klara Mendizabal.