Blas de Otero plazan ospatuko dute Egiako Bizipoza eguna, «plaza horretako aniztasuna aldarrikatu eta auzoarentzat berreskuratzeko»

Euskal Herri mailan antolatuta dagoen arren, bizipoza elkarteak Donostiara egin du jauzi, zehazki Egia auzora, aurtengo jaia antolatzeko. Maiatzaren 11n izango da, eta egitaraua aurkeztu berri dute bertan parte hartzen ari diren eragileak. Iragarri dutenez, Blas de Otero plazan egingo dute egitaraua: “Auzoarentzat berreskuratu behar dugu plaza hori, bertan dagoen aniztasuna balioan jarriz”.
Dozenatik gora eragile ari dira eguna antolatzen, eta, azken orduko aldaketarik ezean, honakoa izango da egitaraua: 11:00etan izango da egunaren irekiera, Blas de Otero plazan, Bizipozaren eta auzoko elkarteen gunea jarrita. Ordu horretan egingo da, gainera, Castellersen tailer irisgarria, elbarritasuna duten pertsonentzat irisgarria.
11:30ean izango da eguneko ikuskizun handia: Zapatxin, Porrotx eta Marimototsen emanaldiarekin. Kantu jirakoek alaituko dute auzoa eguerdi aldean, eta 14:00etan Mustapha Guitarsen kontzertua izango da. Arratsaldean, 16:00etan, Goazeneko kideek ikuskizuna egingo dute lehenik, eta, ondoren, Uliazpi Fundazioko erabiltzaileek.
17:15ean, auzoan barrena abiatuko dira kalejira eginez, eta, Kata tabernako eskaileretan “igogailuaren inaugurazio herrikoia” egingo dute. Azaldu dutenez, bertako eskailerak oztopo handia dira ezintasunen bat duten bizilagunentzat, eta, Egia auzoa, maldatsua izanik, arazoa nabarmena da.
Honakoak dira Bizipoza egitasmoarekin bat egin duten erakunde eta eragileak: Haurtxokoa, Gaztelekua, Egia haurgunea, Antxeta, Haurralde, Hezten, Sexugune, Eihera eta Latxaga eta Sibilia guraso elkarteak; Ongi Etorri Eskolara, Egia Zeinuka eta Egia euskaraz; Tabakalera, Kulturetxea, Teila fabrika eta Gordegia kultur erakunde eta eragileak. Txondorra, Porrontxo jai batzordea, Algaraklown eta Kantujira ere ariko dira; Txokoberri eta Egiatarrak jubilatu elkarteak, TAU frantziskotarrek, Egia Bizirik auzo elkarteak eta Azoka Txikia. Kirol alorrean, Kostkas, Egia eskubaloia, Egia Alai eta Trebeska eta Aitzarte dantza eta mendi taldeak. Eta baita Guztiontzako Egia, SOS Arrazakeria eta Kaleko afari solidarioak ere. IRUTXULOKO HITZA ere Bizipoza egitasmoaren parte izango da.