'Minutu bat', Herenegun taldearen abesti berria

Antiguako Herenegun taldeak Minutu bat izeneko abesti berria argitaratu du, eta beraien hirugarren diskoko bigarren aurrerapena da. Garaikideagoa den soinutik eta tonu malenkoniatsuaz baliatuz, geroz eta ziurgabeagoa den mundu eta etorkizun baten aurrean sortzen den kezka transmititu nahi du abestiak.
Herenegun taldeak ska, reggae eta rock erritmoak nahasten ditu, eta umore ona eta festa du oinarri, “disfrutatu eta disfrutarazteko asmoz”. Taldea duela hamar urte sortu bazuten ere, 2020an kaleratu zuten lehen diskoa: Zer dakarren, zortzi abestiz osaturiko EP-a. 2023aren amaieran, Bi mundu izeneko bigarren diskoa aurkeztu zuten, zazpi abestiz osaturikoa.
Aurten, erritmo eta estilo garaikideak ukitzen dituen lan berri batekin datoz, eta udazkenean argitaratuko dute. Lan berri horren aurrerapenak dira Ekaitza, otsailean argitaratua, eta Minutu bat, beheko bideoan entzun dezakezuen abesti berria.