«Proposamen tinko bat» jaso ezean, mobilizatzen jarraituko dutela aurreratu dute Gizarte Ekintzako langileek
Seigarren greba eguna egin dute gaur, eta prentsaurrekoan salatu dute udal gobernuari "egoera hau konpontzeko borondatea falta zaiola".

Seigarren greba eguna dute gaur Gizarte Ekintzako langileek eta egoera aldatzen ez bada, ez da azkena izango. “Itsasontziak hondoratzen jarraitzen du eta Donostiako Udalak ezer egin ezean, hondoratzen jarraituko”, adierazi du Garbiñe Imaz langileak goizean udaletxe atarian egin duten prentsaurrekoan. Lau lanuzte eta sei greba egunen ondoren, arduradun politikoek beren eskakizunei “erantzunik eman gabe” jarraitzen dutela salatu dute.
Nagusiki, herritarrei kalitatezko gizarte zerbitzu publiko bat eskaintzea eta egun duten eskariari erantzun ahal izate da eskatzen dutena. “Goia jaunaren, gure zinegotzi Maria Jesus Idoetaren eta gure zuzendari den Garikoitz Agoteren erantzunaren zain jarraitzen dugu”. Bilera bakarra egin dute udal ordezkariekin eta maiatzean egitekoak diren bilera batean proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartu zuten.
Tokiko Udal Gobernuaren bilera ondoren atzo egindako prentsaurrekoan, alkateak adierazi zuen epe motzean Gizarte Ekintzako langileen eskakizunak bideraezinak direla, udala iristen den arte egin dezakeela. “Badakigu udalak egiten duena baino askoz gehiago egin dezakeela, borondate politiko kontua da eta gobernu honi egoera hau konpontzeko borondatea falta zaio. Beraien jarrerarekin argi uzten ari dira gizarte zerbitzuak ez direla lehentasuna beraien politiketan, baina langileok borrokan jarraitzeko prest gaude”.
Arduradunei “erreakzionatzeko” eskatu diete, ondorioak “salba ezinak” izan baino lehen. Eta berretsi dute, “proposamen tinko bat jaso ezean” borrokan jarraitu eta greba egun gehiago deituko dituztela.
EH Bilduren mozioa, udalbatzarren
EH Bilduk atzo ezagutarazi zuen kontrol mozio baten bidez baliabide profesionala urgentzia handitzea eta baldintzak hobetuko dituzten neurriak ezartzea eskatuko ziotela udal gobernuari gaurko udalbatzarrean. Hala egin dute eta azalpen txanden ondorengo bozkatzean, ez dute onartu.
Gizarte ekintza “gainezka eta egoera oso tentsionatua da” eta horren ondorioz, “arazo psikosozialen” arriskuan daude langileak. Egoera ez da berria eta talde abertzalearen esanetan, udalak ez du “arduraz” jokatu ezta “nahikoa iniziatibaz”, eta “aurre hartuz”, azken urteetan %20 hasi baita eskaria eta lantaldea, berriz, “apenas” handitu da, “eta handitu dena epaitegi batek behartuta izan da”.
Izaro Hernando zinegotziak gogoratu duenez, Donostia zaharkitutako hiria da, etxebizitza arazo larria duena, eta zenbait sektoreen pobretzea bizi duena. Horren guztiaren ondorioz, gizarte zerbitzuen eskaria hazi egin da eta erabiltzaileen profilak ugariagoak dira. Hortza, “Gizarte Ekintza indartsua eta duintasunez artatuko duena gakoa da herritarrek ongizatea eta segurtasuna izan dezaten” eta gogoratu du, zerbitzuko langileen esanetan, “zaurgarrienez ez dituzte beren eskubide oinarrizkoenak bermatuta, jasotzen duten arretaren kalitatea ez dagoelako bermatuta”.
Izan ere, jasotako deien erdia baino gehiago ezin dute erantzun, zita lortzeko gero eta tarte luzeagoa itxaron behar da, behar duten atentzioz eta intentsitatez jarraitu ezina… “Egoera honek eragiten duen tentsioa langileen bizkar gainean erortzen da: antsietatea, bajak eta mugikortasun altua izanik departamentuaren egunerokoa”
Hori horrela, lan kara arindu eta itxaron zerrendak gehiago luza ez daitezen neurriak “urgentziaz” hartzeko eskatu du Hernandok, baina epe ertain-luzera begirakoak ere. Lantaldea egun batetik bestera handitzerik ez badago ere, langileek eskatzen dituzte 30 langile berriak ez dela “aleatorioki” erabaki, sektorea eta egoeraren larritasuna ezagutzen dutelako baizik.
Elkarrekin Donostiak eta PPk babestu dute mozioa, eta PSE-EEk eta EAJk kontra egin dute.
Txoke plana
Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Maria Jesus Idoetak adierazi duenez langile kopurua handitzeko zailtasunaren atzean “ez dago erabaki politikorik, muga legala baizik”. Horri gehitu behar zaio iazko administrazioen lan eskaintza publikoak, “praktikan, lanpostuak egonkortu beharrean aldaketa gehiago ekarri ditu eta horrek zaildu egiten du lana aurrera ateratzea, lanpostuaren diziplina aniztasunagatik eta administrarien ezjakintasunagatik”.
Azaldu du lanketa egiten ari direla bai udaleko sailekin bai Gizarte Ekintzako arduradunekin epe motzeko irtenbidea eta epe ertain-luzerakoa bilatzeko. Gainera, aurreratu du datorren astean azalduko dietela langileei egoera hobetzeko prestatu duten txoke plana, Gizarte Zerbitzuak etengabe hobetzen joan eta langileak zaintzeko asmoz. “Lan karga onartzen dugu eta horregatik ari gara ekonomikoki eta juridikoki gure eskuetan dagoena egiten. Eta elkarrizketarako prest”, laburbildu du zinegotziak.