Bestelako bizimodu bat eraiki eta defendatzera deitu du CNTek
Amarako txoko historikoetan geldialdia egin dute mobilizazioan zehar.

Easo plazatik abiatu eta leku berean amaitu du CNTk Langileen Nazioarteko Egunaren harira deitutako manifestazioa. 60 bat lagun Amarako kaleetan barrena ibili dira, zenbait txoko historikoetan geldialdiak eginez. Maiatzaren Lehenerako aukeratu duten leloa Ez dezatela lan gehiago eman. Bizitza kenduko ez digun enpleguaren alde da eta aldarriak ideia horren inguruan antolatu dituzte egun honetarako prestatu duten idatzian. “Egin dezatela lan beraiek edo, behintzat, ez dezatela lan gehiago eman. Gik bizi egin nahi dugu, borrokatu eta gure txoko bakoitza askatu. Denbora gurea da. Mundua lan egiten dutenena izango da, ez arpilatzen dutenena”.
Salatu dute sistema kapitalistaren pean lana zigorra dela. CNTko militante eta langile izateak harrotzen ditu, ez ordea, “esklabotza egoerak”. “Nola harrotu gintezke ahantziak, pobretuak eta gainkargatuak garenean, boteretsuek beren aberastasunak biderkatu eta beren dorretatik mespretxuz begiratzen digutenean?”. Prezioak garestitu eta soldatek ia ezertarako balio ez dutenean, bestelako bizimodu bat eraiki eta defendatu nahi dute elkarrekin. “Gure artean bildu eta amorrua antolatu nahi dugu, samurtasuna ahalbidetu eta etorriko den iraultza bideratu”.
Halaber, gogoratu dute CNT izan zela zortzi orduko lanaldia abiarazi ziona sistemari eta eurek izan nahi dute ere “lanaren uztarri itogarria” hautsiko dutenak. “Erreforma epelak eta apurrak ez dira aski: dena nahi dugu”.
Palestinako langileak ere ez dituzte ahaztu, “Mediterraneoaren beste aldeko gure langile klase berbera”, bonben azpian hiltzen diren irakasleak, doktoreak, okinak… “Gure oroimena eta erresistentzia. Guk ez dugu inor atzean uzten, internazionalismoan sinesten dugu eta ez ezartzen dizkiguten muga, horma eta muga-zergetan”.