Donostiako kale bati Frantzisko aita santuaren izena jartzeko eskatu du herritar talde batek

Herritar talde batek “300 sinadura inguru” jaso ditu, Donostiako Udalari eskatzeko hiriko kale bati Frantzisko aita santuaren izena jarri diezaiola, “haren ekarpen humanitario, sozial eta kulturala aitortzeko”. “Garrantzitsua da Frantzisko aita santuak landu dituen baloreak eta balio horiek gure gizartean duten garrantzia zaintzea”, nabarmendu du Lourdes Laredok, ideiaren sustatzaileetako batek. Taldeak sinadurak biltzen jarraitzeko asmoa du, eskaera modu ofizialean udaleko talde politikoei helarazteko.
Laredoren ustez, “nabarmendu” egin behar da aita santu hilberriak munduko gatazketan “gehien sufritzen duten pertsonen alde egin duen lana”: “Bere konpromiso sozialak, kolektibo ahulenekiko hurbiltasunak, ingurumenaren eta iraunkortasunaren defentsak, gure etxe komunaren zaintzak, guztiok eraldatu behar gaituen eta inor erabat baztertu behar ez duen itxaropen horren mezuak, gure hiriko kale izendegian ezinbesteko figura izatea eragiten du, guri begiratzeko ispilu bat, gizarte askoz justuago bat eraiki ahal izateko”.