Eskubideetan sakontzeko, lortutakoari eusteko beharra nabarmendu dute CCOOk eta UGTk
Ehunka lagunek parte hartu dute bi sindikatuek egindako deialdi bateratuan.

Dozenaka lagunek parte hartu dute Langileen Nazioarteko Egunean UGT eta CCOO sindikatuek elkarrekin egin duten manifestazioa. Alderdi Ederretik abiatu dira eguerdian, eta Erdialdeko kalea nagusietan barrena egin dute mobilizazioan, Bulebarreko kioskoan amaitzeko. Besteak beste, bertan ziren Ane Oiarbide eta Iñaki Gabarain zinegotziak, Jose Ignacio Asensio diputatua edota Denis Itxaso eta Susana Garcia Chueca sailburuak.
Buruan, Irabazitakoari eutsi, etorkizuna irabazi elebitan zioen pankartaren aurretik, Palestinako bandera zeramaten lau lagunek. Bidean, langileen borrokaren eta zerbitzu publikoaren defentsaren aldeko eta gerraren aurkako oihuak izan nagusi bidean. Puxika more eta gorriak, kolore desberdinetako bi sindikatuen banderak, errepublikarrak… kolorez beteriko multzoa osatu dute manifestariek.
Bukaerako ekitaldian, sindikatuen arteko lankidetzarekin eta bai lan bai gizarte eskubideen defentsarekin duten konpromisoa berretsi dute, sindikalismoa “gizarte justuagoak eta demokratikoagoak eraikitzeko” tresna izanik.
Nazioarteko testuinguruari ere aipamena egin diote, Ukrainan eta Palestina gogora ekarrita, “isiltasuna eta neutraltasuna ezin dira aukerak izan”. Halaber, Trumpek bultzatutako gerra komertzialaren aurrean, Europako Batasunak “erantzun irmoa eta koordinatua” eman behar duela adierazi eta integrazio politikoan sakontzearen alde egin, justizia soziala lehenetsi, desberdintasun sozialak murriztu edota kalitatezko enplegua sor dezan, besteak beste.
EAEra etorrita, elkarrizketa soziala bultzatzen jarraitzea ezinbestekotzat jo dute enplegu duina indartzeko, soldatak hobetzeko negoziazio kolektiboaren bidez, etxebizitza eskubidea bermatzeko, eta indarkeri matxistaren aurkako borrokan aurrera egiteko. “Orain, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da lortutakoari eustea eta etorkizuna irabazteko mobilizatzea”.






















