Hamargarren AB Krossak badu bere kamiseta

Gero eta gutxiago falta da AB Krossa Amara Berriko euskararen aldeko herri lasterketarako, eta dena prest dute dagoeneko. Hain zuzen ere, aurtengo kamiseta aurkeztu berri dute antolatzaileek: urdin iluna da, letra horiak eta zuriak ditu eta erdi-erdian IRUTXULOKO HITZAren babeslearen eta Berritsu elkarte antolatzailearen logoak. Aurten, gainera, estilo zabaleko zein estuko kamisetak egin dituzte, berritasun gisa.
Maiatzaren 24an izango da krosa, Euskaraldiaren barruan (maiatzak 15-25). Aurtengoa, gainera, berezia izango da, lasterketaren hamargarren urteurrena ospatuko baitute.
Ibilbidea ohikoa izango da: Isabel II.a hiribidetik abiatuko da 19:00etan, eta leku berean izango du helmuga Amara Berri eta Loiolako Erribera auzoak lotu ondoren. Izan ere, ohiko bi ibilbideak izango ditu AB Krossak. Motza hiru kilometrokoa da, lehiakorra ez dena, eta luzea sei kilometrokoa. Izena emateko epea zabalik dago, eta Herrikrosa.eus atariaren bidez egin daiteke.
Iazko AB Krossa ekainaren 1ean egin zuten, giro ederrean. Kronika eta argazki bilduma hemen ikus dezakezue.