Parte Zaharra askotariko aldarriz bete dute
ESK, Steilas eta LKN sindikatuek, Antikapitalistak, Oarso Taldea eta Bake Ekintza Antimilitarista erakundeekin batera egin dute Maiatzaren Leheneko mobilizazioa

ESK, Steilas eta LKN (CGT gaztelaniazko siglekin ezagunagoa) sindikatuek eta Antikapitalistak, Oarso Taldea eta Bake Ekintza Antimilitarista erakundeek bat egin dute aurtengo Maiatzaren Lehenean. Zuloaga plazan elkartu dira eta askotariko aldarrikapenak zituzten petoan jarri dituzte soinean. Batzuek misilen maketak zituzten, bandera desberdinekin; gerraren aurkako banderak, talde edota sindikatuetakoak. Eguerdiko mobilizazioari ekin aurretik, talde argazkia egin dute Langileok armagintzaren kontra! Bizitzaren alde leloa zuen pankarta atzean. Udaleko EH Bilduko zinegotzi Markel Ormazabal edota Izar Hernando zeuden partaideen artean.
Partaidean Abuztuaren 31 kalean barrena joan dira, askotariko aldarriak oihukatuz: “Ez dugu balarik nahi, eskubideak nahi ditugu”, “desalojorik ez”, “zerbitzu publikoa blindatu”, “gerrarik ez”, besteak beste. Geldialdiak egin dituzte bidean, esaterako Santa Maria elizara iristean, eta atariko eskailera mailetan zeuden turistek argazki ugari egin dizkiete, hiriaren beste erakargarri bat balira bezala. Kale Nagusitik barrena, Bulebarrera sartu dira eta hala jarraitu dute Parte Zaharrean kalez kale, Plaza Berrira iritsi arte.
Bertan irakurritako idatzian, armagintzaren kontra egin dute. Batetik, Europako Batzordearen 2030 Prest berrarmatze plana kritikatu dute. “Beldurraren narratiba” baliatuta, armen industria eta gerretan inbertsio handiagoak justifikatzea salatu dute, are gehiago, Europa “dagoeneko armen ekoizle eta esportatzaile handia” izanik. “Urteak daramatza diru publikoa armagintza industriara bideratzen”. Bestetik, armen fabrikazioa eta finantzazioarekin etekin ekonomikoak lortzen dituzten euskal enpresak (Sener, ITP Aero) eta bankuak (BBVA, Santander).
Hala, deitoratu dute milioika pertsonek, gerrek, lan esplotazioak eta prekarietateak eragindako ondorioak pairatzen dituzten bitartean, enpresa eta gobernu gutxi batzuek beren diru poltsak betetzea. “Gerran inbertitzea, enplegu duinean, zerbitzu publikoetan edo iraunkortasunean beharrean, “traizioa” da. Beraz, hori beharrean, eskatu dute osasun publiko unibertsala, hezkuntza publiko eta doakoa, interes orokorrera bideratutako politika ekonomikoak, etxebizitza oinarrizko eskubidetzat jotzea, zaintza sektoreen aitortza eraginkorra, bidezko fiskalitate birbanatzailea, bizitza kostu errealari lotutako gutxieneko soldatak eta inbertsio publikoa gizarte zerbitzuetara bideratzea.
Herriarentzat “burujabetza” ere eskatu dute, baliabideak zertan erabili erabakitzeko, estatu inperialisten eta arma lobbien interesetatik at. “Ez dugu nahi boteretsuak armatu eta herritarrak babesik eta eskubiderik gabe uzten dituen sistema bat”.


























