Aita Donostiaren musika obra osorik jaso dute liburu batean
Datorren urtean mende bat beteko du Asisko San Frantziskoren heriotzaren zazpigarren mendeurrenaren harira sortu zuen obrak, bere maisulanik adierazgarriena.

Datorren urtean mende bat beteko da Jose Gonzalo Zulainka Agirre (1886.1956), Aita Donostia goitizenaz ezagunagoa, euskal musikagile, folklorista eta ikertzaile donostiarrak bere maisulanik adierazgarriena idatzi zuenetik: Illustrations musicales pour La Vie Profonde de Saint François d’Assise d’Henri Ghéon (1926). Efemeride hori ospatzeko, Aita Donostiaren musika obra osoa jasotzen duen liburu bat argitaratu dute.
Bertan jaso dituzte, batetik, musika-testu osoa, Aita Donostiaren eskuizkribu autografoa eta Max Eschig argitaletxe paristarrak izenpetutako eskuizkribu ez-autografoa oinarri hartuta argitaratua; eta, bestetik, Aita Donostiak eskuz idatzi zuen jatorrizko narrazio-testua frantsesez, orain arte argitaratu gabea, Henri Gheonen obra interpretaziorako egokitu eta itzulia: Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak euskarara eta Victor Herrero de Miguel poeta kaputxinoak gaztelaniara.
San Frantziskoren irudia eta Aita Donostiaren musika ondarea omentzen ditu, espiritualtasuna eta musikaren modernotasuna uztartzen dituen sorkuntza aparta berreskuratu du. Izan ere, Aita Donostiak Asisko San Frantziskoren heriotzaren zazpigarren mendeurrena ospatzeko sortu zuen obra. Bertan, euskal musika herrikoiaren motiboak txertatu zituen partituran, besteak beste, Erregek gizon ederrik (kantu tradizionala), Zozo-dantza (dantza herrikoia), Baratzeko pikuak (dantza kantatua) eta Letra a un crucifijo (Chant du Bien-Aimé sur la Croix-en moldatua). Hala, euskal identitatea garaiko musika estetika abangoardistarekin eta ikuspegi espiritual unibertsalarekin uztartu zuen, bertako folklorea Europako artea jasoaren mailara goratzeraino.
Liburua OE Bulegoak argitaratu du, Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Kaputxinoekin lankidetzan, eta www.oeoficina.com webgunean edo info@oeoficina.com helbidera idatzita eskura daiteke.
Aurkezpenean, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Ibone Bengoetxeak piezaren garrantzia nabarmendu zuen, argitalpena “mugarria” dela “gure herrialdeko kultura ondarea berreskuratzeko, zaintzeko eta aitortzeko” eta obra bai euskal bai europar gizartearen eskura jarrita, “gure iraganari etorkizuna ematen ari gara horrekin gure kultura bizirik mantentzeko”.