«Eskola kirolak lehentasuna izatea da helburua»
Azken urteotan indarrean egon den legea bertan behera gelditu daiteke. Izan ere, lege horrek dio 6 eta 12 urte bitarteko umeek kirol klub batean izena eman ahal izateko eskola kirolean parte hartu behar dutela. Donostian, dagoeneko bi eskola kirola eredu daude indarrean. Horietako bat, MK Donostia proiektua da, hasieran E2 proiektu gisa ezaguna.

Gipuzoako Foru Aldundiak sustatu nahi dituen balioetan oinarritzen da proiektua, eta etorkizuneko eskola kirola zer izan daitekeen irudikatzen laguntzen digu. Gurutze Fernandez Callejo (Urretxu, 1979) eta Imanol Mendizabal Herguedas (Parte Zaharra, 1989) dira proiektuko arduradunetako bi. Biek ala biek urteak daramatzate eskola kirolean lanean eta biak E2 proiektuaren hastapenetik daude bertan murgilduta.
Zer da E2 proiektua?
Gurutze Fernandez (G.F): Donostiako eskola kirolaren programa tradizionalarekin bat ez zetozen eskola batzuk (Jakintza, Amassorrain, Ibai, Zurriola, Orixe, Aitor eta Intxaurrondo), aldundiaren bultzadarekin, 2021 urtean sortutako ikuspegi hezitzailea duen eskola kiroleko proiektua da. Urtez urte, eskola gehiago gehitu dituen proiektua izatetik eredu egonkor izatera pasatu dena.
Imanol Mendizabal (I.M): Eskola kiroleko proiektua zaharkituta zegoela ikusten zuten eskola batzuk elkartu eta aldundiarekin elkarlanean sortu den proiektu berria.
Nola aldatu da hasi zinetik gaur egun arte?
G.F: Gaur egun, hamabi eskola dira parte hartzen dutenak. Urtez urte, Herri Ametsa, Aiete, Ikasbide, Amara Berri eta Igeldo gehitzen joan dira.
Patronatuak bidea egiten lagundu du, instalazioen esleipena egonkortu da, egoitza finkoak ditugu eta programa hobetuz joan da, kirol berriak sartuz eta hainbat klub eta federazioekin erlazioak sendotuz (hastapen jarduerak, bereziki).
I.M: Batez ere, hasierako haur kopurutik, oraingo kopurura aldaketa handia egon da.
Klubetan ibiltzen diren umeekin edota gurasoekin arazoak izan dituzue behartzearen inguruan?
G.F: Eskola guztietan izan dugu kasurik, baina salbuespena dira.
I.M: Behartzea ez da hitza. Eskola kirolak lehentasuna izatea da helburua, eta azalpena ematean, guraso gehienek ulertzen dute.
Guraso batzuek ekin diote eskola kirola derrigorrezkoa izatearen aurka epaia. Beldur zarete guraso gehiagok ere bide hori egin dezaten?
G.F: Gaur egungo Donostiako MK programa oso indartsu ikusten dugu, ereduak oso markatuak ditu bere irizpide hezitzaileak. Guztiz bermatua dago kluben eta MK programaren arteko lankidetza. Ezin dugu jakin zer nolako eragina izango duen epaiak, ereduan konfiantza guztia dugu eta nahiz eta ikasle batzuk «galdu», agian, epaiak ate bat ireki dezake orain arte eskola kirolik egin ez duen ikasle profilari. Dena den, egin dezakeguna da eredua aberasten jarraitzea eta erakargarria izaten mantentzea, hori izan behar da helburua.
I.M: Guk egin dezakegun gauzarik hoberena lanean jarraitzea da eta gure proiektua indartzea. Horrela, guraso askok gure proiektuan eta gugan benetan sinetsiko dute.
Zer eragin dezake behin-behineko epaia betikotzeak?
G.F: Eskola kirol berritu baten hasiera izango da eta ez da derrigorrez okerrera izan behar. MK eskola kirolean konfiantza guztia dugu.
I.M: Guk gure lana egiten badugu eta gure esku dagoen guztia eginez gero, ez dugu uste eskola kirola okerrera joango denik.
Legea kirol minorizatuak babesteko egina dago. Zeintzuk dira kirol horiek?
G.F: Kirol hegemonikoak —saskibaloia, areto futbola, futbola eta eskubaloia gehienbat, baina baita ere arautu dira errugbia, hockeya, txirrindularitza, arrauna, scooter-a…— izan dira hasieratik arautu direnak, baina baita kirol minorizatuak ere: judoa, atletismoa, piragua, izotz irristaketa, eta abar. Urtez urte, ideia zen kirol guztiak arautzea, baita teorikoki feminizatuta daudenak ere, gimnasia erritmikoa barne, ez delako minorizatuetan sartzen, adibidez.
I.M: Guk ere eztabaidak izaten ditugu arautu beharreko kirolen inguruan, baina, azken finean, haur batek espezializazio goiztiarra edukitzeak eragiten duen kaltean oinarritzen gara. Guk ez ditugu kirolak arautzen.
Nolakoa izan da gurasoen jarrera proiektuaren aurrean?
G.F: Askotariko profilak egon dira, noski, ezagutu duten bakarra tradizionala izan delako. Baina, orokorrean, oso pozik daude, bai ikasle baita gurasoak ere. Jaso izan ditugun feedbacken ehuneko oso altua ona izan da.
Eta behin-behineko epaiaren aurrean?
G.F: Berdin. Ados daudenak eta ados ez daudenak egongo dira, uste dutenak 6-12 urte bitartean espezializazio goiztiarra sustatzea ona ez dela.
I.M: Hor hainbat ikuspuntu daude. Denak dira onartuak, baina espezializazio goiztiarraren alde daudenak eta ez… adibide asko daude eskola kiroletik munduko txapeldun izan direnak.
Zuek ere klubekin lan egiten duzue?
G.F: Gure epaileak klubetakoak dira, beti lagundu izan gaituzte eta, egoera berriaren aurrean, ez da ezer aldatuko. Klubek orain arte egon den araudia errespetatu izan dute eta gurekin duten erlazioa ez da zertan aldatu behar lege berriarekin.
I.M: Ezinbestekoa iruditzen zait. Haiek izango dira, eskola kirola bukatu eta gure haurrak jasoko dituztenak. Gero eta elkarlan hobea, emaitza hobeak denentzat.
Nola eragin dezake eskola kirola doan izateak? Langileen soldatak, kalitatea…
G.F: Ez dakigu zehazki zein izango den aldundiaren proposamena hemendik aurrera, baina bai zerbitzua profesionalizatua izatearen aldekoa dela eta horrek behar duen diru laguntza iturria bermatua egongo dela.
I.M: Hori oraindik ikusteke dago, baina aldundiaren ideia oraingo zerbitzua bermatzea dela esango nuke. Baita aurrerapausoak ematea ere.