Haurrez beteko dira maiatzean hiriko jolaslekuak, Parketarrak egitasmoari esker

Hiriko 22 gunetan euskaraz jolasteko aukera izango dute Donostiako haurrek eta haien familiek maiatzean, aurten bigarren aldiz, Parketarrak egitasmoaren barruan.
Egitasmoa urteko hiru sasoitan antolatzen da: martxoan, maiatzean eta urrian. Eta maiatzeko txanda hilaren 5ean hasiko da eta 23an amaitu. Hiru aste horietan, astelehenetik ostiralera gauzatuko da jolasguneetako jarduera.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek antolatzen dute Parketarrak, haurrak eta familiak kalean jolasean dabiltzanean euskaraz aritu daitezen. Azken batean, hizkuntzaren erabilera indartu nahi dute aisialdiaren eremuan.
Hiriko hamazazpi auzotako 22 parke eta plaza hauetan izango dira jolasguneak: Aiete, Altza-Herrera, Altza-Casares, Amara-Olaeta, Amara-Araba parkea, Amara-Rafael Ruiz Balerdi plaza, Amara-Arroka plaza, Antigua, Añorga, Bidebieta, Egia-Martin Santos plaza, Egia Atotxa Zelaia plaza, Gros-Katalunia plaza, Gros-Nafarroa Behera plaza, Ibaeta, Intxaurrondo, Loiolako Erribera, Martutene, Morlans, Parte Zaharra-Zuloaga plaza, Txomiñenea eta Zubieta.
Auzo horietako plaza eta parkeetan, dinamizatzaileak, jolasak eta musika aurkituko dituzte haurrek eta haien familiek. izan ere, jolasa da Parketarrak jardueraren funtsa, erreminta ezin hobea delako hizkuntza barneratzeko.
Jolasguneetan Udaleko Euskara Zerbitzuak jarriko dituen dinamizatzaileek gidatuko dute ekimena eta, adinaren eta parte-hartzaile kopuruaren arabera, bi talde egingo dituzte: Zabu Zibu taldea, 3-5 urte arteko haurrekin eta beren guraso eta arduradunekin; eta Txirrintxon izenekoa, 6-9 urte bitarteko umeekin.
Zabu Zibu taldean, gurasoek edota haurren arduradunek ere hartzen duet parte jolasetan, haurrekin batera. Antolatzaileen arabera, umeek oso gustuko izaten dute gurasoekin taldean aritzea, eta, gainera, hizkuntzaren transmisioa eta haien arteko loturak sendotzen dira elkarrekin jolastean. Zentzu horretan, gurasoak egitasmoan parte hartzera animatzen dituzte antolatzaileek.
Joan den martxoko eta urriko parte-hartzea
Parketarrak egitasmoaren aurreko txanda joan den martxoan izan zen, eta, egun batzuetan oso eguraldi txarra egin zuen arren, 900 umek baino gehiagok parte hartu zuten, hiru astez antolatu ziren saioetan.
Aurreko urrian, berriz, 1.000 haur inguruk eta 240 guraso edota tutorek parte hartu zuten saioetan. Kopuru horiek jarduera erakargarria dela adierazten dute.